Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2015/12/16

Ortuzar: “Moncloa esku txarretan erori arren, hemen Euskadi defendatuko duen alternatiba egongo da, eta alternatiba hori EAJrena izango da”

Urkullu Lehendakariak Barakaldon euskal hiritargo osoa animatu nahi izan du “bere botoarekin ‘ezetzaren‘ legealdiari ‘ezetza‘ esatera eta Euskadiri ‘baietza‘ esatera, ‘baietza‘ zorroztasunez kudeatzeari, pentsioei, osasunari, hezkuntzari, industriari, enpleguari, gizarte babesari eta Nazio gisa hazten segitzeari”

rss Ezagutzera eman
Ortuzar: “Moncloa esku txarretan erori arren, hemen Euskadi defendatuko duen alternatiba egongo da, eta alternatiba hori EAJrena izango da”

ARGAZKIA JAITSI

“Kanpaina honek ezertarako balio izan badu, hori izan da Moncloako eserlekua lortzearren ostikoka ari diren lau horiek, Guatemala eta Guatepeor direla ikusteko. Bata bestea baino txarragoa, baina bikoiztuta. Kanpainan argi eta garbi ikusi dugu Euskadik eta euskaldunek bost axola diegula. Eta gauza bat utzi behar diegu argi eta garbi datorren igandean: gu ezberdinak gara. Hemen alternatiba bat dago. Moncloa esku txarretan erori arren, hemen Euskadi defendatuko duen alternatiba dagoela, euskal interesak defendatuko dituen alternatiba. Eta, alternatiba hori, Euzko Alderdi Jeltzalearena da ”. Mezu argi bezain zuzenarekin itxi du gaur Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, EAJ-PNVk gaur arratsaldean egin duen ekitaldi politikoa. Gaurko mitinean Iñigo Urkullu lehendakariak eta Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, euskaldunok abenduaren 20ko hauteskundeetan jokoan izango dugun guztia azpimarratu dute. Besteak beste, gure ongizatea eta gure etorkizuna nazio gisa. “Igandean, Euskadik ‘ezetza’ eman behar dio ‘ezetzaren’ legealdi honi. Igandean Euskadirentzako ‘baiezko botoa’ eskatuko dugu. ‘Baietza’ Euskadiren interesen aldeko hauteskunde egitasmo baikor eta eraikitzaileari; ‘baietza’ zorroztasunez eta seriotasunez kudeatzeari; ‘baietza’ Pentsioei, Osasunari, kalitatezko Hezkuntzari, Gizarte babesari eta solidariotasunari; ‘baietza’ ekonomia produktiboari, industriari eta enpleguari; ‘baietza’ Euskadiren etorkizun ekonomikoari, etorkizun sozialari eta etorkizun politikoari; ‘baietza’ nazio gisa hazten segitzeari”, adierazi du Urkulluk.

Ortuzarrek azaldu duenez, Euskadi pairatzen ari den ‘telebistako itzalaldiarekin’ ere, euskal hiritargoak ez du “urrutiko gailuarekin bozkatuko. Euskal emakume eta gizonok gure programazioa aukeratuko dugu. Euskal Kanala aukeratuko dugu. Konbentzituta bozkatuko dugu, ez abduzituta. Gure sintonia Euskadiren sintonia berbera dela konbentzituta. Guk ez dugu bozkatuko hauxe ‘Gran Hermanoko’ nominazioak izango balira bezala. Euskaldun gisa bozkatu behar dugu, Euskadiren izena daramaten boto orriekin”. EBBren presidenteak alderdikide jeltzale guztiak animatu ditu mugitzera (“auzo guztietara joan behar dugu, etxerik etxe joan behar dugu, Euskadiko boto orriak banatzen . Guk egiten ez badugu ez baitu inork egingo”) hurrengo igandean hautestontziak errealitate baten isla izan daitezen, euskal errealitatearen isla, espainiar errealitatearekin zerikusi eskasa duena. “Euskadin ere, krisiak zartako gogorrak eman dizkigu, baina itsaso zakarrari hobeto aurre egiten jakin izan dugu. Herri idilikoa ez garen arren, hemengo langabezia Espainian baino nabarmen baxuagoa da, eta gure hazkundea sendoagoa da eredu industrial bat dugulako, langile kualifikatuak ditugulako eta mundura irteteko prest dauden ekintzaileak ditugulako. Gure zerbitzu publikoek, osasunak, hezkuntzak, gizarte prestazioek beren kalitateari eutsi diote aurrekontu zorrotzei esker. Farmaziako gastua konpentsatu egiten zaie pentsiodunei eta gutxien dutenei. Diru sarrerak bermatzeko kopuruari eusten zaio, pertsonen duintasunari laguntzeko. Ahal Dugu-Podemosen bozeramaileak berak, Iñigo Errejonek, esan zuen astelehenean, Euskadira egin zuen bisita laburrean. Ba al dakizue zer esan zuen? “Inbidiaz begiratzen diegu Euskadin dauden ongizaterako eta gizarte babeserako erakunde batzuei”. Progreek inbidia digute. Zeozergatik izango da! Espainian baino hobeto gaude bizitza kalitatean, ongizatean, kohesioan, enpleguan, aukeretan. Eta ezberdintasun hori denon artean mamitu dugu gure autogobernuaren bidez. Eta, herri gisa, gizarte gisa daukagun ezberdintasun hori auzitan jarri dute orain herri uniformea nahi dutenek. Horra hor hauteskunde hauetako arriskua, birzentralizazio arrisku argia. Benetako arriskua, baten bat, gure autogobernuaren zati esanguratsua ezabatzeko tentaldian eror daitekeelako. Badago Ekonomia Ituna kendu nahi digunik ere”. Hortik dator EAJk kai mutur izateko egiten duen eskaintza, datorren marea birzentralizatzaileari aurre egiteko.

Iñigo Urkullu lehendakariak argudio gehiago eskaini dizkio oraindik EAJ-PNVren alde bozkatzearen inguruan zalantzarik izan ditzakeenari. “Jakin badakigu askok eta askok Espainiako gobernua aldatzeko botoa eman nahi dutela. Euzko Alderdi Jeltzaleari ematen zaion botoak balio du Espainiar Gobernua aldatzeko eta, gainera, Euskadiren oraina eta geroa Madrilen defendatzeko ere balio du. EAJren aldeko botoak balore bikoitza du: aldaketa Espainian eta Euskadiren defentsa”. Bere hitz egitean, Urkulluk aldarrikatu duenez “Madrilen EAJk baino ez du Euskadiren agenda babesten” eta “hemen behar duguna han lortzeko proposamenak dituen egitasmoa daukagu”. EAJ-PNV Madrilen ia ehun urteko ibilbideak abalatzen duen alderdia da, eta bi helburu nagusi ditu: “Euskadiren eraikuntza ekonomikoa, soziala, kulturala, politikoa eta instituzionala eta Euskal Aberriaren eraikuntza”. Ia mende bat, aurrerapen handiekin itxi dena “Herrialde Historikoen Eskubide Historikoak errespetatzea, Ekonomia Ituna eta Ekonomia Hitzarmena, Estatuturako ituna, Euskadiren instituzionalizazioa, gure Herriaren eraldaketa ekonomikoa eta eguneratzea, Autogobernuaren motorea martxan jartzea, Euskal Herriaren ongizatearen eta bizitza kalitatearen motorea izan dena”. “Hemen ez dago pribilegiorik”, azpimarratu du Urkulluk. “Hemen dago lana, lankidetza eta konpromisoa. Hemen daude eskubideak, legeak eta itunak. Hemen badakigu lanaren balioak zer esanahi duen. Jakin badakigu inor ere ez dela Madriletik guri ezer oparitzera etorriko. Euskaldunok gure lanetik bizi izan gara beti, eta gure lanetik baino ez dakigu bizitzen. Garena, gure esfortzuaren fruitua da”.

Aitor Estebanek, igandeko hauteskundeetarako EAJ-PNVk Bizkaitik aurkezten duen zerrendaburuak eta berraukeratzerako hautagaiak, azpimarratu duenez "aurrekoaren eta ostekoaren arteko ezberdintasuna egongo da hauteskunde hauetan" eta gogora ekarri duenez "birzentralizazioa ez da konponbidea Euskadirentzat”. Hori dela eta, "autogobernua ongizatea izan da" azpimarratu ondoren, zera eskatu die herritarrei: "Madrilen ahots propioa izan behar dugu gurea defendatzeko, gure eskuduntzak, euskara, gure Ertzaintza, gure administrazioa, aberastasuna sortzeko gaitasuna, Ekonomia Ituna”. “Azken finean, Madrilen euskal presentzia zuzena izan behar dugu,betidanik egin izan dugun moduan, argi eta garbi erakusteko hemen gizarte ezberdina dagoela, bere burua gobernatu nahi duen nazioa", ezarri du.

  Berri ikusiagoak...