Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2016/06/22

EAJ-PNVk “marea berdea” eskatu du espainiar alderdiei Estatuari egonkortasuna ematen “laguntzeko” eta Euskadiren nazio aitorpena lortzeko

Barakaldon egin den ekitaldi politikoan, Ortuzarrek “euskal agenda ekonomia, bake eta autogobernu alorrean errespetatzea” exijitu du eta Urkulluk baieztatu du siderurgia eta industria direla “Jaurlaritzaren eta EAJ-PNVren” lehentasun nagusia.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk Barakaldon eskatu du gaur, igandean “boto berdeen marea” eragitea, talde jeltzaleari beharko duen indarra emateko euskal agenda Madrilen kontuan hartua izan dadin eta, bide batez, espainiar alderdiei Estatuan Euskadin funtzionatzen duen lankidetza instituzionala ezartzen laguntzeko. “Hemen denekin adostuaz gobernatzen da; hemen zerbitzu publikoei eta laguntza sozialei eusten zaie; hemen industriari eta enplegu sorrerari laguntzen zaie; hemen egoerarik okerrenean dauden sektoreez kezkatzen gara, langabeez, gazteez eta pentsiodunez; hemen Gobernu bat dago, Aldundiak eta Toki Erakundeak, EAJren gobernu ona, kudeaketa ona eta jardunbide zuzena erakutsi dutenak. Eraman dezagun hori ere Madrilera, planteatu eta eskain dezagun gobernatzeko modu hau. Laguntzeko prest gaude”, esan du Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak gaur Foruen Plazan egin den ekitaldi politikoan, zeinetan EBBren presidenteaz gain Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Aitor Esteban Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua hizlari izan dituen. Laguntza horren truke, Ortuzarrek baieztatu duenez EAJ-PNVk “trukean eskatuko du gure aldarriei erantzutea eta euskal agenda mahai gainean jartzea: ekonomiaren eta enpleguaren suspertzea, autogobernua, bakea eta bizikidetza. Ez dugu EAJrentzat eskatzen, euskal gizartearentzat eskatzen dugu”.

Ezkerraldean jaioa, Ortuzarrek herritarrei ohartarazi nahi izan die batzuek gaur agintzen duten aldaketa faltsuaren kontra. “Lehenago ere beste batzuek agindu zuten aldaketa bera. Gogoan duzue aldaketa agindu zuen Felipe González hura? Gogoan duzue Zapatero, eskualde honentzat direnak eta ez direnak agintzen? Botoak eskuratu eta gero eskualde osoa zapaldu zuten” gogoratu du Ortuzarrek. “Kontuz!, ez dadila halako zerbait izan: dena aldatzea ezer alda ez dadin. Kontuz ibili zuen itxaropenaren truke, gauzak hobetzeko baino, boterea beren eredua inposatzeko nahi dutenekin. Gogoan izan Felipe Gonzalezek eta Zapaterok agindutakoa: botoak eraman zituzten, defendatuko gintuztela esan zuten eta ez zuten ezer egin. Atzo Gasteizen aldaketa iragartzen zutenek gauza bera egingo dute. Horregatik, jendea animatu nahi dugu benetako aldaketaren alde egitea, ezagutzen dutenaren alde egitea. Eskualde honek EAJren gobernuekin bizi izan duen aldaketa” esan du jeltzaleen buruak.

Ortuzarrek konbentzituta esan du EAJ-PNVk egiteko erabakigarria izango dutela Madrilen E26koaz geroztik. “Egonkortasunerako giltzarri izan ahal gara, balantzaren orratza izan gaitezke. Eraginkor izan ahal gara Madrilen gobernatzeko modua aldatzeko” esan du, eta eraginkortasun hori erabiltzearen aldeko agertu da “Estatua” aldatzeko, hau da, “demokratikoago, modernoago eta eraginkorrago egiteko, eta bere barnean ematen den nazio-aniztasuna onartuz. Euskadi, Catalunya eta Galiza nazioak garela azpimarratuz eta aitortza hori aldarrikatuz”. “Hori dena gerta dadin” esan du Ortuzarrek “boto asko behar ditugu. Euzko Abertzaleak legebiltzar talde indartsua behar dugu Madrilen. Hiru egun geratzen zaizkigu marea berde hau zabaltzeko”.

Iñigo Urkullu lehendakariak, bere aldetik, mezu argi eta irmoa zabaldu du: industria eta siderurgia dira bere Jaurlaritzaren eta EAJ-PNV osoaren lehentasun nagusiak. “Euskadi hazten hasi da, enplegua sortzen hasi da, baina siderurgia sektoreak arazoak ditu. Gogorra izango da, baina elkarrekin lan eginez lortu egingo dugu. Euskal erakunde guztiak gaude honetan inplikatuta. Europan egon gara eta gaude dumping-aren kontrako politikak proposatzeko. Madrilen egon gara eta gaude energia politika aldatzea proposatzeko. Fronte guztietan lan egiten segituko dugu une latzak gainditzeko eta krisi honen gainetik egiteko. Elkarrekin lortuko dugu” esan du Urkulluk. Lehendakariak era berean deitoratu du euskal erakundeen inplikazio eta lankidetzaren aurrean Madriletik albisterik etorri ez izana. “Madrilgo Gobernuari antzeman ere ez zaio egiten. Une ederra aukeratu dute benetan Industria Ministrorik ez izateko. Une ederra aukeratu dute funtzioko egoeran sei hilabete galtzeko” esan du Urkulluk euskal siderurgiari baikortasunez begiratzen diola azpimarratzearekin batera. “Elkarrekin lan eginez itsasontzien sektorearen krisia edo makina-erremintaren krisia gainditzeko gaitasuna erakutsi dugu; elektrotresnen sektorean, ekipo-ondasunen edo banaketa ondasunen sektorean eman diren arazoak gainditu ditugu; automozio edo energia sektoreetan eman diren arazoak gainditu ditugu. Elkarrekin lan eginez lortuko dugu, siderurgian eta altzairugintza sektorean ere bai”.

Urkulluk argudioak erantsi dizkio EAJ-PNVren alde bozkatzea eskatzeko egin duen planteamenduari “Ezagun dugu Espainiaren egoera: zorra BPGaren %100aren gainetik, ez dituzte defizit helburuak betetzen, isun mehatxua… egoera delikatua da, zaila. Igandetik aurrera, zenbakiek ez diete emango Gobernua eratu ahal izateko, ez batzuei ezta besteei ere. Euzko Alderdi Jeltzalearen alde bozkatzea da boto baikor eta eraikitzailea. Egonkortasuna eta gobernagarritasuna bermatzeko. Ezegonkortasuna Espainian txarra da Espainiarentzat eta txarra Euskadirentzat. Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoak eragina izan dezake. Estatu nazio-anitza sortzeko botoa da, ekonomia suspertzeko politikak bultzatzeko, Espainiar Gobernuaren politikak baldintzatzeko. Horregatik, Euzko Alderdi Jeltzalearen alde bozkatzea eskatzen dugu, etorkizuna eraikitzeko. Eta etorkizuna eraikitzea da Espainiar Gobernua industria eta berrikuntza seriotan hartzea; etorkizuna eraikitzea da Autogobernua errespetatua izan dadila eta pentsioak Euskadin kudeatzea; etorkizuna eraikitzea da azpiegiturak Euskadin kudeatzea: Portuak, Aireportuak, Trenak, Abiadura Handia; eta etorkizuna eraikitzea da autogobernuaren harribitxiak aldeztea: Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte Babesa. Euzko Alderdi Jeltzaleak hemen segituko du, lanean”.

Bere hitzaldian, Aitor Estebanek, datorren igandeko hauteskundeetara Bizkaitik aurkezten den zerrendaburuak, bere aldetik, euskal emakume eta gizonei ohartarazi die “aldaketa haizeak” datozela eta zentzu berean baieztatu duenez “agerian dago lau magnifikoak norantz abiatu diren”. Ildo beretik honetan salatu ditu PPren aldetik “zapalkuntza eta atzerakada autonomikoa” nagusi izan diren lau urteak, PSOEk herrialde eredurako egin duen proposamenean agerian utzi duen “indefinizioa” salatu du ondoan “ezberdintasunik onartzen ez duen Susana Díaz” izan duela. Era berean gogoratu du Ciudadanos taldea “Ekonomia Itunaren kontra eta birzentralizazioaren alde” dagoela eta Podemos taldeaz esan du 25 Legea izenez aurkeztu zuen agirian “hainbat eskuduntza inbaditzea” aurreikusten zuela. Horregatik baieztatu du “ EAJ-PNVk baino ez duela Euskaditik bertatik Euskadiren alde egiten” eta euskal herritarrak gonbidatu ditu “igandean bertan gizarte hau ezberdina dela erakustera”.

  Berri ikusiagoak...