Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2012/10/23

Sestaoko Udalak Lanbideri aurkeztu dio bere tokiko enplegu-plana

Sestaoko Udalak Lanbideri bere tokiko enplegu-plana aurkeztu dio. Aipatu dokumentuak hurrengo urteetan arloan udal-politika gidatuko du. Enplegua sor dadin sustatzea, biztanleria aktiboaren enplegagarritasuna areagotzea eta eraginkortasunez nahiz efizientziaz enplegua bultzatzeko dauden baliabide eskuragarriak kudeatzea dira proiektuaren hiru helburu nagusiak.

rss Ezagutzera eman
Sestaoko Udalak Lanbideri aurkeztu dio bere tokiko enplegu-plana

ARGAZKIA JAITSI

Enplegu-plana eztabaida-gunearen esparruan adostu da eta horretan erakundeek (Sestaoko Udalak, Eusko Jaurlaritza-Lanbidek eta Bizkaiko Foru Aldundiak), sindikatu- eta enpresa-erakundeek, udalerriko enpresa garrantzitsuenek eta baztertze-arriskua eta minusbaliotasuna duten taldeak lan-merkatuan sartzeko erakunde adituek parte hartu dute eta uda hasi baino lehen Udalak sustatu ostean, herritarren partaidetza-prozesuaren ondorioz sortutako proposamenak erantsi dira.

Planaren abiapuntua hasierako diagnostikoa da. Ildo horri eutsiz, % 24,2rekin Sestaoko udalerria Euskadin langabezia-tasarik altuenetarikoa izateko arrazoiak identifikatu ditu. Hala, sektore tradizionalek (siderurgiak, ontzigintzak eta hurbileko merkataritzak) indarra galdu dute eta, ondorioz, Sestaoko udalerrian 1995-2011 denboraldian 2.513 enplegu gutxiago daude, hau da, 1995. urtean zeudenekiko enpleguen % 28,6. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, denboraldi berean batez beste enplegua % 24,6 gehitu zen. Zehatz-mehatz esanda, egungo krisi ekonomiko eta finantzarioak gogor jo du Sestaoko enpresatan eta 2008-2011 denboraldian enpresa-sarearen % 19 galdu da.

Sestaon langabezia altuaren beste faktore erabakigarri batzuk biztanleria aktiboaren prestakuntzarik eza, ikaste-kultura iraunkor urria eta kultura ekintzaile eskasa dira. Horiez gain, gaur egungo enpleguak arrisku garrantzitsuak ditu, besteak beste, enpresa handiak, hau da, enplegu asko sortzen dutenak zailtasun larrian daudela. Kontuan hartu beharreko beste datu garrantzitsu bat honakoa da: hurrengo 3 urtetan 5 enpresatatik bakarrak aurrez ikusten duela langile gehiago izatea.

Ildo horri jarraiki, sektore tradizionalenetan enplegua mantentzearen aldeko apustua egiteaz gain, Planak enplegu berriak sortzeko hurrengo aukera-hobiak definitu ditu:

1.    EKOINDUSTRIA / EKOZERBITZUAK
2.    SORMENEZKO INDUSTRIAK
3.    GIZARTE-BEHARREKIN ETA ZAHARTZAROAREKIN ZERIKUSIA DUTEN ZERBITZUAK
4.    ETXEBIZITZAK BIRGAITZEA
5.    ASTIALDIA ETA TURISMOA

Sektore horietan oinarrituta, Planak 13 neurri definitu ditu ondorengoekin zerikusia dutenak: gaikuntza profesionala, esperientzia profesionalik ez duten gazteak lan-mundura hurbiltzea, kontratazio publikoan gizarte-klausulak aplikatzea, baztertze-arriskuan dauden taldeentzat gizarte-enpleguaren programak antolatzea, pertsona minusbaliatuen aldeko jarduera integrala, aukera-sektoreak aztertu eta horiek garatzen laguntzea, autoenplegurako eta enpresak sortzeko laguntza eskaintzea eta enpresek Sestaoko pertsonen enpleguarekin konpromisoa har dezaten sustatzea.

Neurri horiek denboran jarraipena izango dute eta proiektu zehatzen bitartez garatuko dira. Lehenengo fase honetan 17 proiektu burutu dira; nolanahi ere, jada batzuek finantzazioa dute eta, beraz, hurrengo asteetan abian jarriko dira. Gainerakoak Udalak finantzazioa aurkitzen duen neurrian garatuko dira.

Nahiz eta Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Sestaori enplegua sortzen laguntzeko konpromisoa hartu, Udalaren iritziz, Sestao, gizarte-larrialdiko egoerari erreparatuz aldeko tratua jasotzetik urrun, Euskadiko mapan beste udalerri bat besterik ez da izan.  Bakarrik horrela azal daiteke udalerriak gehienez 355.000 euro jasotzea enplegu-plan honen ekintzak bultzatzeko, erakunde berak enplegua sustatzeko Udalari 2011. urtean  1.718.932 euro eta 2010ean 3.335.150 euro eman zizkionean.

Plana aurkeztu ondoren, egiten parte hartu duten eragileek partaidetza-gunean jarraitzea erabaki dute, enplegu-plana betetzen dela ziurtatzeko, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartzeko, planeko eragile partaide guztien artean gehieneko koordinazioa lortzeko eta abian jarri behar diren proiektu berriak proposatu, onartu eta lehentasuna emateko.

Eztabaida-gunea ohiz urtean bitan eta ohiz kanpo Sestaoko Udalak deialdia egiten duenean ala kideen laurdenak eskatzen duenean biltzea aurrez ikusia dago.  Modu osagarrian, lantaldeak era daitezke. Gainera, eztabaida-guneak herritarren partaidetza-bideen bitartez Sestaoko Udalak jasotako iritzi eta proposamenei buruzko informazio osoa izango du.

  Berri ikusiagoak...