Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2014/05/10

Santurtziko EAJ-k Aintzane Urkijo aukeratu du 2015eko hauteskundeetarako alkategai

Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak gaur goizean iragarri du Aintzane Urkijo izango dela Santurtziko EAJ-PNVk 2015eko udal hauteskundeetarako aurkeztuko duen alkategaia. Atzokoan, Santurtziko Uri Batzarrak aho batez erabaki zuen Urkijo izango dela EAJ-PNVren hurrengo zerrenda-burua. Atutxak erabaki honen berri eman du gaur Murieta Etorbidean kokatuta dagoen herriko Batzokian, Urkijorekin eta Ricardo Ituarte oraingo alkate jetzalearekin batera eskaini duen prentsa aurrekoan.

rss Ezagutzera eman
Santurtziko EAJ-k Aintzane Urkijo aukeratu du 2015eko hauteskundeetarako alkategai

ARGAZKIA JAITSI

Urkijo 1967 urtean jaioa da, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologian lizentziatu zen, 46 urte ditu, ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu.Irakasle gisa egin duen lanaz aparte (eszedentzia egoeran dago gaur egun), Santurtziko zinegotzi izan da azken zortzi urteotan. 2007-2011 epealdian Merkataritza eta Turismo arloko arduraduna izan zen eta Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzi arduraduna izan  da 2011tik aurrera. Urkijok esperientzia luze eta zabala du udal kudeaketa alorrean, eta ezagutza  sakona du Santurtziko errealitate ekonomiko,sozial eta kulturalean ,zein herritarrek dituzten kezka eta beharren inguruan.

Itxaso Atutxak Urkijok Udalaren eta herriaren inguruan duen ezagutza  eta bere gaitasuna azpimarratu ditu. “Zalantzarik barik Aintzane da Santurtziko EAJ-PNVk alkatetzarako aukera zezakeen hautagairik onena. Aintzane aspaldi ezagutzen dut, eta dudarik ez dut herritarren laguntasunari esker herria bikaintasunerako bidean mantenduko duela.  EAJ-PNVk  hasi zuen bide hori 2007ko maiatzean udal gobernura  iritsi zenean”. Era berean Atutxak  prentsa aurrekoak eman dion aukera aprobetxatu du Ricardo Ituarteri omenaldi adeitsua eskaintzeko. Santurtziko EAJ-PNVko alderdikide guztien izenean eskertu dio Santurtziko udalean azken 12 urteotan  eginiko lan paregabea, eta bereziki herriko agintari goren izan den 7 urteetan eginikoa. Aldi honetan, herritarrek Santutzi gizatiarragoa, bizitzeko toki egokiagoa eta solidarioagoa egiten ikusi dute, Ituartek bere aurretik egon zen azken alkatearengandik jaso zuena ez bezalakoa”.

Urkijok  Santurtziko EAJ-PNVri eskertu dio beragan jarritako konfiantza, eta Atutxari adierazi dio hautagaia aurkezteko egin den ekitaldira etorri izanagatiko esker ona. Momenturik hunkigarriena izan da Urkijok Ituarteri zinegotzi izan den aldian beragan jarri duen konfiantza  eta  bere eskutik ikasi duen guztia eskertu dionean. “Ricardok lan handi eta ona egin du, herri osoari ilusioa ekarri dion egitasmoa zuzendu du. Orain, ondare hori jasota, etorkizuna eraiki nahi dugu lan eta dedikazioarekin, EAJ-PNVren alderdikideen laguntasunarekin eta santurtziarren babesarekin” baieztatu du Urkijok.

Ituartek BBBko presidentearen hitzak eskertu ditu. Bere esker adierazpenean esan duenez “herritarrekin hartu nuen konpromisoa betetzen saiatu izan naiz eta saiatzen naiz”. Gaineratu duenez “ohorea izan da egunez egun EAJ-PNV eta santurtziarren ordezkari izatea. Berdin jarraituko dut, agintaldia amaitzeko geratzen zaidan azken  urtean”. Ituartek hunkituta dagoela aitortu du Uri Batzarrak Aintzane Urkijo aukeratu duelako. Azken urteotako lankide izan duena “gaitasun handikoa, zintzoa, sentibera eta bihozbera” dela baieztatu du. Santurtziko alkateak amaitzeko esan duenez “bioi lan handia geratzen zaigu azken urte honetan, gure herrikideen onespena dela bide, Aintzane udalaren kargua hartu eta gure herria hobetzeko lanean hasi arte”.

  Berri ikusiagoak...