Prentsa Aretoa
2014/10/09
Udalak kontzientziazioa eragin nahi du, espazio publikoak zaindu eta beste pertsonak errespetatzearen garrantziaz
Ekintza honen izenburua hauxe da: “Zeu zara Sestao. Sestao denok gara”
Sestaoko Udalak ekimen berri bat jarri du abian, herrian gizalegez jokatzearen garrantziari buruzko informazioa emateko, guztiok izan dezagun zerbitzu eta instalazio publikoez gozatzeko aukera. Ekintza honen izenburua hauxe da: “Zeu zara Sestao. Sestao denok gara”, eta besteekiko errespetuari buruzko kontzientzia sustatzea eta handitzea du helburu. Errespetatu, zaindu, partekatu, elkarbizi, erosi, jolastu, amets egin eta disfrutatu. Hauexek dira ekintza honetan landuko diren zenbait kontzeptu-ardatz. Nolabait esateko, “herria zeure etxea” dela ikustaraztea da, Sestaoko alkate Josu Bergarak dioenez.
HERRITARREN BIZIKIDETZA SUSTATU ETA BERMATZEKO ORDENANTZA ezagutaraztea da Udalaren asmoa, guztion ardura baita Sestao zaintzea egoera onean manten dadin. Guztiok libre izateko dugun eskubidea eta besteei zor diegun begirunea direlako bizikidetzaren oinarriak. Maskoten gorozkiak ez jasotzea, hormetan pintadak egitea, zaraten muga ez errespetatzea… horiek dira ordenantzan jasotzen diren ekintzetako batzuk, isunez zehatzen direnak, herritarren artean haserre handia sortzen dutelako.
Horiei guztiei aurre hartzeko ahalegin handia egin arren, gizalegearen aurkako ekintzak dira herritarren kexa askoren iturri. Horrexegatik, Udalak berriro gogoratu nahi du udal ordenantza bat badela, eta hori betetzea guzti-guztion egitekoa dela.
“Herritarrak jabetu egin behar dira kalean gizalegez jokatu behar dela. Horrek esan nahi du ez direla besteak molestatu behar, txakurren kakak jaso egin behar direla, ezin dela erre edo alkoholik edan haurren jolasguneetan, eta hiri-altzariak zaindu egin behar direla, geure etxekoak balira bezalaxe. Azken finean, Sestao geure herria dela da zabaldu nahi den ideia, eta guztion artean lortu behar dugula gero eta herri politagoa, garbiagoa eta atseginagoa izatea", esan du Josu Bergara alkateak aurkezpenean.
Prentsaurrekoan Sestaoko zenbait sektoretako hamar bat ordezkari egon dira, merkatariak, ostalariak, kirol eta kultura arloak eta herriko elkarteak ordezkatuz. Hauek ere beren babesa agertu nahi izan diote udalaren ekimen honi. Bertan izan direnen artean hauexek: Asier Zurinaga, Kaiku Arraun Elkarteko patroia, Alberto Lozano Martxi eta Fernando Sancristobal, Sestao River taldearen presidentea eta masajista, Paqui Blanco, Sestaoko Boleibol Taldearen entrenatzailea eta Pilar Rodríguez, Sestaoko Hijos de Galicia Elkartearen presidentea.
Erabiliko diren elementuak herritarren begitara jarriko dira, ahalik eta eragin handiena izan dezaten. Neurri handiko hiru olana jarri dira Udaletxeko balkoian, Liburutegikoan eta Hiru Kontzejuen Plazan, kanpainaren leloa agirian. Datorren astean binilo jarriko dira arrapala mekanikoetan, herritarrei gogoratzeko era zuzenean erabili behar direla, izan ere askotan geldituta egoten baitira jendeak era egokian erabiltzen ez dituelako gelditzeko botoiari sakatuz, eta horrekin benetan erabili beharra duten pertsonei kalte handia eraginez, batez ere pertsona nagusiei, haurdunei edo ezgaitasunen bat dunei. “Sestao zaintzeko gai izan behar dugu. Gure nagusiak zaintzeko eta gure haur eta gaztetxoentzako eredu izateko”, adierazi du Bergarak.
Merkataritza eta ostalaritza ere oinarrizko ardatz izango dira. 400 bat denda eta establezimenduetako erakusleihoetan ikusgai jarriko dute "Zeu zara Sestao. Sestao denok gara” leloa daraman irudia. Horrekin mezua indartu nahi da, eta 6.000 eskuturreko banatuko dituzte, “Yo+SESTAO+Ni" erakusgarri eraman nahi duten Sestaoko herritarren artean, Sestaorekiko konpromisoa agertuz. Tabernetan, ordea, paperezko 60.000 ezpainzapi banatuko dira kanpainaren lelo nagusienekin.
Josefa Balda parkean, San Pedro plazan eta Kasko plazan, La Piedrilla eta Portopin parkeetan informazio-panelak jarriko dira, erabiltzaileei gogoratzeko beren maskoten gorozkiak jaso egin behar dituztela. Atarietan ere bandoa jarriko da, auzotarrei kanpaina honen arrazoiei buruzko argibideak emateko, eta datorren astean 2015eko horma-egutegia banatuko da, espazio publikoak errespetatu beharrari eta gizalegez jokatu beharrari buruzko mezuekin, eta udal ordenantzaren laburpena ere jasoz.
Ordenantza hau 2009an onartu zenetik aplikatzen da, eta berau ez betetzeak 1.500 euroraino isuna ekar lezake, egindako arau-haustearen larritasunaren arabera.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
BERRIA
2022/11/23