Prentsa Aretoa
2015/09/07
Sestaoko 2015eko enplegu planaren bigarren fasean 26 kontratazio sustatuko dituzte
Bigarren fasean hautatzen dituzten pertsonak datozen astean hasiko dira lanean
Sestaoko Udalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aste honetan ipiniko dute abian Sestaoko 2015eko Enplegu Planaren bigarren fasea. Sei programa berriren bidez, langabezian dauden 26 lagun sei hilabetez kontratuko dituzte. Asteazkenean irekiko da eskaintzetan izena emateko epea Lanbideren webgunean (www.lanbide.eus) eta irailaren 16ra arte egongo da irekita.
Bigarren fasean hautatzen dituzten pertsonak datozen astean hasiko dira lanean. Kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta jardunaldiaren % 75 estaliko dute. Sestaoko 2015eko Enplegu Planaren bidez, guztira, udalerriko 48 langabe kontratatuko dituzte bederatzi programen bitartez. Lehen hirurak uztailean eta abuztuan abiarazi zituzten.
Enplegu Plana gauzatzeko, 675.501 euroko inbertsioa egingo dute guztira. Lanbidek 463.120 euro emango ditu eta Sestaoko Udalak gainerako 212.381 euroak.
Joan den ekainaren 13an, udalbatza berria sortzeko bilkuran, Josu Bergara alkateak agintaldiko lehen 100 egunean enplegua sortzeko konpromisoa hartu zuen, besteak beste. «Langabezia da Sestaoko arazo larrienetako bat. Horregatik, agintaldi honetan enplegua sustatzea eta bizilagunei lan-aukerak emango dizkieten enpresa berriak ekartzea izango dira gure lehentasunak», gehitu du alkateak.
Bestalde, Lanbideko zuzendari nagusi Adolfo Alustizak gaur adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Lanbideren eta Euskadiko udalen lankidetzaren artean, lan-baldintzak hobetzeko ahaleginak batu nahi dituzte. Bere iritziz, tokian tokiko diru-laguntzen ekimena oso tresna erabilgarria da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bidez, toki-administrazioentzako marko juridikoa eta finantzazioa emango ditu, kasu honetan Sestaoko Udalarentzako. Hala, toki-administrazioek hurbileko egoeraren gaineko jakintza eta herritarren eta inguruko enpresen beharrak helaraziko dizkiote Jaurlaritzari, horiekin enplegu-plan bat sortzeko.
Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro eman ditu hiru lurraldeetan abiarazitako halako programetarako. Zenbateko horri toki-erakundeek emandako kopuruak gehitu behar zaizkio. Programa horien bidez 2.700 enplegu inguru sortzea aurreikusi dute.
Beste sei programa
Sestaoko Enplegu Planaren bigarren fasean, dozena erdi ekintza gauzatuko dituzte. Horietako gehienak ez dira berriak, aurreko urteetan arrakasta handia lortutakoak baitira. Pertsonen bizi-kalitatea hobetzea dute helburu. Hala, zazpi lagunek mendeko pertsonei laguntzeko lanak egingo dituzte. Helburua pertsona horiei paseatzera irteteko, medikuarengana joateko edo erosketak egiteko behar duten laguntza ematea da. Ohikoa denez, etxeko laguntza zerbitzuko itxaron-zerrendan dauden pertsonek jasoko dute laguntza.
Beste bi lagunek gizarte esku-hartze eta animazio programa gauzatuko dute Juan Ellacuria udal-egoitzan, adinekoekin jarduera soziokulturalak egiteko.
Beste hamabi pertsonek jagole-lanak egingo dituzte espazio eta lorategi publikoetan. Udaltzaingoen mende egingo dute lan, eta udal-ordenantzak behar bezala betetzen direla bermatu beharko dute. Hala, arauak hausten dituztenak ahoz ohartaraziko dituzte, jokabidea alda dezaten. Gainera, udaltzaingoari gizalegearen aurkako jokabideen berri emango diote, beharrezko zigorrak ezar ditzaten.
Gainerako bost lanpostuen artean, bi informatikarientzat izango dira, udalaren sistemak moderniza ditzaten; beste bi enpresa-teknikarientzat, tokiko merkataritza babesteko eta, azkena, berdintasun-teknikari batentzat, Berdintasun Departamentuari gazteen artean sexu-indarkeria prebenitzeko ekintzak sortu eta bultzatzeko.
Hautagai gisa izena eman nahi dutenek hurrengo baldintza hauek bete beharko dituzte: langabeak izatea, Lanbiden eta Behargintzan enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea eta Sestaon gutxienez 2014ko abuztuaren 1etik erroldatuta egotea.
Lanbideko araudi erregulatzailearen arabera, enplegu-planean parte hartzen dutenen % 30 diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileak izan beharko dira, eta % 70 hurrengo talde hauetakoak: 35 urtetik beherakoak, gutxienez sei hil langabezian eman dituzten 45 urtetik gorakoak, 55 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak eta gizarte-bazterkeria egoera dauden pertsonak. Aurten, gainera, kontratatutako pertsonen gutxienez % 40 emakumezkoak izan behar dira.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
BERRIA
2022/11/23