Prentsa Aretoa
2017/02/02
Barakaldok era positiboan ebatzi ditu gizarte-laguntzen 2.238 espediente, 2015 urtean baino 500 bat gehiago
Datorren astelehenean, otsailak 6, zabalduko da Barakaldoko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin batera baliabide gutxiko familien eskura jartzen dituen Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epea. 2016. urtean 2.238 espediente ebatzi ziren era positiboan, 2015ean baino 500 gehiago. Gainera, aurkeztutako eskabide guztiei erantzun ahal izan zitzaien.
Iaz, urteetan egon den tratu diskriminatzailea baztertzea erabaki genuen, zeren eta hitzordua lehenengo eskatzen zuten pertsonek zenbateko handiagoa jasotzen baitzuten. Aurreko gobernu taldeak urtearen erdialdean zenbatekoa murriztu egiten zuen, hau da, lehen eskatzaileek %100 jasotzen zuten, gainerakoek ordea, % 50.
Gizarte Ekintza Arloak 2016 urtean jasotako 2.430 eskabideetatik 2.238k aldeko erantzuna izan dute. Aurreko urtean 1.744 espediente izan ziren positiboki ebatzi zirenak, beraz, 2016an, 494 espediente positibo gehiago izan dira. “Barakaldar bakoitzak gizarte-laguntza kopuru berdina jaso duen lehen urtea izan da. Horrez gain, jende gehiagok jasotzea eta familia eskatzaile guztiei ematea ere lortu dugu” azpimarratu du Gizarte Ekintza Arloko zinegotzi Mikel Antizarrek.
Jasotako eskabideen artean, 166 espediente presako prozeduraren bidez ebatzi dira; 305, ukatu egin dira ezarritako baldintzak ez betetzeagatik –gehienetan, eskatutako etekinak eta diru-sarrerak gainditu dituzte- eta, 123 kasutan, eskatzaileek beraiek egin dute atzera.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eta Udal Diru-laguntzen % 60 baino gehiago alokairu eta berralokatze gastuak eta etxebizitzarekin zerikusia dutenak (zorpetzeak: alokairua, mailegua...) ordaintzeko izaten da. Bestalde, iragan abenduan 600 euroko kopuru osagarria jarri zen xede horretarako, udal laguntza eskatu zuten familientzat. Urtearen amaieran, 199 lagunek jaso dute osagarri hori, hilean 50 euroko aparteko laguntza.
Bestalde, 46.572,10 euro berreskuratu ditu ekitaldi osoan Gizarte Ekintza Arloak, eskabideak xede zuten gizarte laguntzaren gastua behar bezala justifikatzeko agiriak aurkeztu ez dituztenek egin behar izan dituzten itzulketei esker. “Arloak bidezko egiaztapenak egiten ditu iruzurra saihesteko” adierazi du Antizarrek.
Kopuru hori larrialdietarako gizarte-laguntzen diru-sailean iaz geratutakoari erantsiko zaio, eta, ondoren gehituko, gizarte-laguntzetarako Udalak aurten erabakitako diru-sailari.
GIZARTE LAGUNTZETARAKO ESKABIDE BERRIA
Aurten, berriro aztertuko du gobernu taldeak gizarte-laguntzen eskatzaileei emango dizkien xede bakoitzerako zenbatekoak igo daitezkeen. “Iazkoa izan da kontzeptu zuzenagoekin lan egin dugun lehenengo ekitaldia, eta hurrengorako, dena berrikusi beharra dagoela uste dugu, kontzeptu bakoitza diru-sail globalari behar bezala egokitzeko” aurreratu du Antizarrek. “Laguntza zehaztu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak emango duen diru-saila zenbatekoa den jakin behar dugu, beraiek ezartzen dituzten gehienezko zenbatekoak baitira, eta ondoren, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzen dituen dekretuaren aldaketak aztertu beharko ditugu, kontzeptu berriak sartu baitira; dena den, gobernu taldeak diru-partidaren bat igotzeko asmoa du” esanez bukatu du Antizarrek.
Gizarte-laguntzak eskatzeko epea datorren astelehenean zabalduko da hitzordua telefonoz bakarrik eskatzeko. Horretarako, bi telefono zenbaki daude: 944 789 577 (otsailaren 6an, 7an eta 8an baino ezin da deitu zenbaki honetara) eta 010 (944 789 200 zk. Barakaldotik kanpo deituz gero). Goizeko 8:00etatik aurrera dei daiteke.
Otsailaren 13tik aurrera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzura (HAZ) joanda ere eska daiteke hitzordua.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
BERRIA
2022/11/23