Prentsa Aretoa
2017/03/04
EAJ-PNVk emakume abertzaleak omendu ditu, beraiek direlako “ideario jeltzalearen benetako igorleak”
500etik gora emakume Sabin Etxean omendu dituzte emozioak, musika, umorea eta ezusteko pozgarriak uztartu dituen ekitaldian; Itxaso Atutxak eta Andoni Ortuzarrek hitz hunkigarriak eskaini dizkiete emakumeei, euren artean Urkullu Lehendakaria izan delarik
Emakume abertzaleei omenaldia
HITZALDIA - 2017/03/04
‘Izan zinetelako gara”. Goiburu horren pean omendu dituzte Euzkadi Buru Batzarrak eta Euzko Alderdi Jeltzale osoak EAJ-PNVren 122 urteotan talde jeltzalearen eta euskal kausaren alde lan egin izan duten emakumeak, jendetza handia bildu duen ekitaldi hunkigarri batean. Milaka emakumeren ordezkari izan dira EAJ-PNVren egoitzako areto nagusia, sarrera eta inguru guztiak txiki utzi dituzten 500 emakume jeltzale. Amamak, amak eta ilobak. EAJ-PNVko emakumeen lau belaunaldi izan dira eta Andoni Ortuzarrek esan du beraiek izan direla hainbat etxetan “ideario jeltzalearen benetako igorleak”. Horiek denak Bilbon elkartu dira EAJ osoaren esker ona jasotzeko, talde jeltzalearen historian egin izan duten lanagatik. Lan hau ez da beti publikoa izan, ez baloratua ezta aitortua ere, baina lan handia izan da eta hori ezik EAJ-PNV ez litzateke gaur egungoa izango, hau da, euskal abertzaletasunaren indar handiena eta Euskadi izeneko nazio honetan herritargoaren konfiantzarik handiena jaso duen alderdia. Lan handia egin baitute batzokietan, lanpostuan, kalean eta etxean. Guda Zibil garaian, klandestinitate aldian, Trantsizioan eta gaur egun. Seme alabei, ilobei, ideario abertzalea irakatsiaz; euskara, bertsolaritza eta dantza eskolak emanaz; Uri Buru Batzarren ekonomia estuari laguntzeko lan egun luzeak eginaz, tortillak prestatuaz zein Batzokietako barran txandak eginaz; hauteskunde kanpainetan lan aktiboa eginaz, botoak prestatuaz, kaleetan kartelak itsatsiaz eta abarretan arituaz. Horiek denak izan dira gaurko esker onaren hartzaileak eta ekitaldiko protagonistak.
Euzkadi Buru Batzarrak martxoaren 8 a Emakumearen Nazioarteko Eguna aukeratu du musika, umorea eta emozioak uztartu dituen ekitaldia egiteko. Bertan izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Bakartxo Tejeria eta Ana Otadui, hurrenez hurren Eusko Legebiltzarreko eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente andreak, eta haien aurrean Ortuzarrek eta Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak omendutako emakume guztiei eskaini dizkiete hitz hunkigarri eta adeitsuak. Halaber, bideo bi proiektatu dira, bat erreferente historikoekin eta beste bat Herrialde guztietako eta belaunaldi ezberdinetako hamaika emakume jeltzaleren lekukotasunekin. Anjel Alkain (Maikrux gisa) eta Hasier Ormaza (Basilio) aktoreek barre algarak bata bestearen atzetik atera dizkiete bertaratu guztiei. Naia Roblesek, bi gitarra jotzaileren laguntzarekin, hiru abesti eder eskaini dizkiete bertaratuei. Abestiak entzun bitartean, Urkullu, Ortuzar, Tejeria, Atutxa eta Euzko Gaztediko hamabi kidek gaurko bereziki prestatutako loreak banatu dituzte omendutako emakumeen artean.
EAJ-PNVko emakumeek "abertzaletasunaren igorle" gisa historian zehar egin duten lana aldarrikatzeko hitzaldia, Joxean Artzeren poema irakurriaz hasi du Ortuzarrek. Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, ekitaldia itxi du Ortuzarrek EAJ-PNVren emakume guztiei eskaini dien esker onarekin bat egiteko esan duen diskurtsoarekin. Atutxak guztien konpromisoa eta lanaren garrantzia azpimarratu du, beren lan eta dedikazioarekin “batzuetan ikusiezina baina beti ordainezina” EAJ-PNVren egitasmoa garatzen lagundu dutelako. “Alderdiaren barne karguetan eta herri karguetan emakumeak ikusgarri eginaz” eta “bide horretan jarraituko du orain artekoa baino are presentzia handiagoarekin, erakunde anitz, berdintzailea garen aldetik dagokigun egitekoa aitortuaz, zeinetan emakume eta gizonen erantzukizunak berdin-berdinak izango diren”, baieztatu du . Atutxa, BBBko buruzagitza bere gain hartu duen lehen emakumeak EAJ-PNVk egiazko berdintasunerako bidean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa berretsi du, “berdintasun hori gure gizartean ere erakusten da, emakumeok berreskuratu egin dugulako mendeotan gizonek gizonentzat eginiko kulturak kendu eta ukatu digun espazioa” Bizkaiko burukideak konbentzituta esan du mundu mailan ardura tokietan emakume gehiago egongo balira “gauzak hobeto joango litzatekeela”. “Ez da bidezko tokirik egongo biztanleriaren erdi baten parte hartze aktiboa eman ezean”. Era berean gogoratu du berdintasun alorrean aurrerapen handiak lortu diren arren, orain lan batzuk egin gabe daudela “esparru publikoan eta pribatuan; egiteko sozialetan eta talde protagonismoan”. Bizkaiko jeltzaleen buruak egiteke dauden lanak aipatu ditu: “soldata arrakalari irtenbide eraginkorra eta iraupena ematea; familiako erantzukizunetan parte hartze berdintzailea; egiazko berdintasuna enpresa munduan eta ordezkaritza publikoan” eta premia osoz “emakumeen kontrako indarkeria martxistaren orbana desagerraraztea”. Horretarako, abiapuntu bakarra dago: emakume eta gizonen arteko lan bateratua. “Generoen arteko ekitatearekin; begirunearekin; gizartea eraikiaz” amaitu du.
Bideo erlazionatuak...
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
BERRIA
2022/11/23