Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2018/03/19

Abanto-Zierbenako EAJ-PNVk Maite Etxebarria aukeratu du berriz ere alkategai izateko

Gaur egungo alkateak aitortu duenez, bere jardunean “herriko auzo guztiak” ditu gogoan eta esparru ezberdinetan ekiten dio “alderdi sozial edo kulturalean eta kiroletan zein emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko ekinari”

rss Ezagutzera eman
Abanto-Zierbenako EAJ-PNVk Maite Etxebarria aukeratu du berriz ere alkategai izateko

ARGAZKIA JAITSI

Maite Etxebarria, Abanto-Zierbenako gaur egungo alkatea izango da EAJ-PNVk datorren urteko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendaburua. Etxebarria aho batez aukeratu dute gaur arratsaldean Abantoko Uri Erakundean egin zen Uri Batzarrean. Hautagai jeltzalea bere herriko alkatea da 2013tik, Psikologian Doktorea da eta alkate izan baino lehen Bizkaiko Foru Aldundiaren Gufe-Ifas erakundean lan egin izan du adingabeen hezitzaile gisa.

Etxebarria euskaltzale sutsua da eta aurkezten zaizkion aukera guztiak baliatzen ditu bere ama hizkuntza aldarrikatzeko eta babesteko. Era berean aitortu du bere jardunean “Abanto-Zierbenako auzo guztiak” dituela gogoan, eta esparru ezberdinetan ekiten diola “alderdi sozial edo kulturalean eta kiroletan zein emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko ekinari”. “Herrilanei dagokienez, gure herritarrek eginiko eskariei erantzuten saiatu gara eta ahaleginak egin ditugu kirol instalazioak eta handi eta txikientzako jolasguneak egokitzeko zein esparru guztietako irisgarritasuna hobetzeko”.

Hurrengo urteei begira, alkate andreak “Abanto-Zierbena hobetzen” jarraitu nahi du “gure herritarren eskariei erantzunez, beraiek direlako gure kudeaketa lanaren ardatz nagusia”. “Abanto-Zierbena udalerri erosoa eta atsegina izatea eta bizimodu ona eskaintzea nahi dugu” gaineratu du. Etxebarriak harrotasun handiz adierazi duenez “etengabe ari gara kirol instalazioak eta igeritokia hobetzen, ordutegi zabalagoarekin, jarduera gehiagorekin, instalazioetan hobekuntzak eginez eta, laster, parke akuatiko bat izango dugu igeritokietako solariumean”.

Ezkonduta dago eta bi seme ditu, bata 8 urtekoa eta bestea 5 urtekoa, eta bere herriko inguruak maite ditu. “Triano mendiak, meatzea, bide berdetik paseatzea eta, jakina, plaza eta parkeetako giroaz gozatzea. Nire familia maite dut, nire lehentasuna da”. Ez du esan gabe utzi nahi oso musikazalea dela “lasaitzen laguntzen dit eguna bizi-bizi datorrenean”.

  Berri ikusiagoak...