Prentsa Aretoa
2018/05/22
EAJ-PNVk Saulo Nebreda Trevejo aukeratu du Ortuellako alkatetzarako hautagai gisa
“EAJ-PNVk gure udalerriarentzat daukan proiektuarekin aurrera jarraitzeko gogo handia daukat. Irtenbideak ematen jarraituko dugu, beti herrikideen alde lan eginez”, aurreratu du
Saulo Nebreda Trevejo, Ortuellako gaur egungo alkatea, izango da EAJ-PNVk 2019ko maiatzeko udal hauteskundeetarako aurkeztuko duen alkategaia. Bigarren aldia izango da Ortuellako alderdikideek Nebreda aukeratzen dutela, ekainaren 13an bere herriko alkatetzan bost urte beteko dituelarik, 2013an Oskar Martinezen ordez sartu zenean. “Nor bere udalerriko alkatea izatea erantzukizun eta ohore handia da. EAJ-PNVk Ortuellarentzat daukan proiektuarekin aurrera jarraitzeko gogo handiak ditut. Irtenbideak ematen jarraituko dugu, beti herritarren alde lan eginez”, aurreratu du.
Bere lehen agintaldi honetan, Saulo Nebredaren lantaldeak hainbat proiektu burutu ditu, eta orain da horiek guztien balioa azpimarratzeko momentua. “Herritarrek sarbideen eta irisgarritasunaren inguruan eginiko hainbat eskariri erantzun diegu, baina bide beretik jarraitu behar dugu”, esan du. Besteak beste elizarako eta Mendialdeko hirigunerako sarbideak hobetu dira. Kiroldegiko, futbol zelaiko eta udal pilotalekuko instalazioak modernizatu dira eta umeen parkeak eraberritu dira erabiltzaileei zerbitzu hobea emate aldera.
“Ortuella adeitsuagoa, modernoagoa eta bizitzeko egokiagoa” egiteko helburuarekin, Nebredak adierazi du elkarte eta herritarrek bidalitako proposamenak lantzen jarraituko dutela “beti gatazkak saihestuz eta adostasunera iritsiz. EAJ-PNVk ez dio kritikari ekingo eta ez da besoak gurutzatuta geratuko; herritargoak akordioak eta konponbideak eskatzen ditu,eta gure taldea hor egongo da kezka eta behar guztiei erantzuna emateko”, baieztatu du.
Printzipio horietan oinarrituta, hautagai jeltzaleak aurreratu du Ortuellako hiritargoak berarengan eta bere taldearengan daukan konfiantza berretsiko balu, HAPOaren garapena lantzen jarraituko dutela, “oso proiektu garrantzitsua da”, esan du, “herri batek hirigintza alorrean izango duen garapena ezartzen duelako eta orube bakoitzari emango zaion erabilera kalifikatzen delako”, azaldu du. Era berean esan duenez “auzoen alde eginiko apustuari eutsiko diogu eta Geltokiko etorbidea eraberrituko dugu plaza oinezkoentzako gune eginez eta aisiguneak jarriz; gune hori herritarrena da eta herritarrentzat jarriko dugu”, azaldu du.Nebredak azpimarratuko duen beste alderdi bat da herriko elkarte eta taldeekin lankidetzan Ortuellako kaleei bizitza emango zaiela eta hainbat programa abian jarriko direla.
38 urterekin, Saulo Nebreda ezkonduta dago eta bi seme biki ditu. “Aita eta alkate gisa ia aldi berean estreinatu nintzen eta erronka handia izan zen, baina oso pozik nago”, esan du. Gogoko dituen gauzen artean dago Ortuellako herrikideekin egotea, “natural irteten zaidan eta egunero egiten dudan zerbait”, eta kirola ere bai, “baina gutxi”, esan du erdi brometan. “Herri honetan azpimarratuko nukeen zerbait da bertan bizi den jendea. Ortuellarrak oso jatorrak dira, beren herria biziki maite dute eta hori agerian uzten dute leku guztietan. 2016an prozesu parte hartzailea jarri genuen abian Ortuellaren irudi korporatiboa aldatzeko, eta babesik handiena jaso zuen esaldia izan zen ‘izaera naturala’. Halakoak gara gu”, amaitu du harrotasun handiz.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
BERRIA
2022/11/23