Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2018/05/26

Ortuzarrek Pedro Sánchezi galdetuko dio bere proposamena “serioa den, Estatu eredua benetan aztertzen duen eta Euskal Agendarekin bat egiten ote duen”

EBBko presidenteak eta Barakaldoko alkate andre Amaia del Campok gaur hitz egin dute Barakaldoko EAJ-PNVren Uri Erakundearen 120. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Euskadi eta herritarrak. Hori izango da PSOEk aurkeztutako zentsura mozioa kudeatzeko orduan jarraituko dugun irizpidea. Pedro Sánchezen proposamena aztertuko dugu eta gauzak zehatz-mehatz azaltzea eskatuko dugu: ea planteamendu serio eta bideragarria den edo beren interes elektoralistengatik egiten duten; ea Estatu ereduan aldaketa egitea onartzen duen eta Euskadi eta Kataluniako autogobernua onartzen dituen; eta, ea Euskal Agendarekin eta Euskadiko interesekin bat egiten duen, eta demokrazia bere onera eramateko zer neurri jarriko ote dituen. Galdera horiei guztiei emango dien erantzunaren arabera hartuko dugu guk gure azken erabakia”.

Hitz horiekin amaitu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVk Barakaldoko EAJ-PNVren Uri Erakundearen 120. urteurrenaren kariaz egin duen ospakizunari urrezko amaiera emateko egin den ekitaldi politikoan. Euzko Alderdi Jeltzalearen Barakaldoko Uri Erakundea 1897an eratu zen, Sabino Aranak Alderdia sortu eta urte bi geroago. Ospakizunaren egun handia egin da gaur. Lehenengo, ikurrina Batzoki berriaren aurrean altxatu dute, ohorezko aurreskua egin da eta Josu Sagastagoitia Barakaldok diktaduraren ondoren izan zuen lehen alkate abertzaleari eskaini zaio omenaldi hunkigarria. Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak egin duen eta Barakaldok ondo merezi duen tributua. Jarraian, Amaia del Campo Barakaldoko alkate Andrea eta Andoni Ortuzar hizlari izan dituen ekitaldi politikoa egin da Ezkerralde eta Meatzaldeko XXX alderdikide eta alderdizaleren aurrean.

Zentsura mozioaz gain, Ortuzarrek era berean ekarri ditu gogora Aurrekontuen onarpena, EAJ-PNVk “erantzukizunez” hartu zuen erabakia, alderdi politiko batzuek kritikatu zuena, baina euskal hiritargoaren gehiengoaren onespena jaso duena “ez zaiolako txarto iruditzen Euskadira 540 milioitik gorako inbertsioak eta jarduerak ekartzea edo Rajoyri pentsioak igotzera derrigortzea, bereziki txikienak eta alargunenak. Euskal hiritargoak ondo baino hobeto ulertzen du eta hala egitea nahi du, gainera”, aldarrikatu du jeltzaleen buruak. Ortuzarrek aitortu du bere alderdiak ezin izan duela lortu aurrekontuen negoziaketan ezarri zuen helburu nagusienetako bat, Katalunian 155. artikulua altxatzea, alegia, baina itxaropentsu agertu da “laster indargabe gera dadin, Kataluniaren, Euskadiren eta Espainiako Estatuko sistema demokratikoaren onerako”.

Jeltzaleen buruak Pablo Iglesiasek eta Arnaldo Otegik EAJren erabakien eta sinesgarritasunaren kontra egin dituzten salaketa gogorrei erantzun die. “Rajoyren sostengua izatea leporatzea ere… Rajoy orain dagoen lekuan dago Iglesiasengatik eta bere urguiluagatik. Duela pare bat urte Pedro Sánchezen gobernua posible egin izan bazuen, gauzak bestela egongo ziren orain. Baina ez, berak izan nahi zuen agintari bakarra. Ondorioz, Rajoy da presidentea. Eta Iglesiasek uste al du EAJri ezer erreklamatu ahal diola?”, esan dio Podemoseko buruari. Sortuko idazkari nagusiari, Ortuzarrek zera gogoratu dio: “EAJn hitza errespetatzen dugu. Hitza izan da gure arma bakarra, politika egiteko eta Herriarekin komunikatzeko erabili dugun erreminta bakarra. Arnaldok ezin du gauza bera esan, beraz, EAJri, lezio bakar bat ere ez. Eta Albert Riveraz, Ciudadanoseko buruaz, jeltzaleen buruak zera esan du “jaia zapuztu diogu. Guk Aurrekontuak ez babestea eta legealdia hondoratzea nahi zuen, berak hau guztia txarto amaitzea nahi zuelako segituan hauteskundeak egon zitezen. Bere burua ikusten zuen Moncloan zaldi gainean sartzen. Ba, guri dagokigunez, ez da izango. Jarrai dezala difamatzen, manipulatzen eta guri eta euskal autogobernuari buruz gezurrak esaten. Bere irainak laudorio dira guretzat. Gurekin zenbat eta haserretuago egon, orduan eta ageriago egongo da ondo egiten ari garela”.

Ortuzarrek era berean ekarri ditu gogora Autogobernu Lantaldearen eginkizunak. Lehenengo eta behin deitoratu duenez, “Madrilen arduratsu izateagatik goresten gaituzten berberek bereak eta bi esaten dizkigute Gasteizen egin dugun proposamenagatik. Baina, zer espero zuten EAJrengandik? Guk ez genuen inor engainatu, gure siglan daramagu gure ideologia osoa: Euzko Alderdi Jeltzalea, Euskal Aberriaren Alderdia”. Hala eta guztiz ere, EBBko presidenteak berriro ere azpimarratu du EAJ-PNVk eskua luzatuta jarraitzen duela denik eta adostasunik zabalena lortzera begira. Ez diogu inori exijitzen behar ez dena onartzera, baina betorik ere ez dugu onartzen, ezta proposamenak egiteko dugun ahalmena murrizterik ere. Hasierako fase batean gaude oraindik, kontrastatzeko, eztabaidatzeko eta, ahal bada, adosteko denbora dago. Eta ahal diren alderdi gehienekin egingo ahal dugu. Gu pentsamolde irekiarekin joango gara, eskua luzatuta eta adosteko gogoekin, ea besteak ere horrela doazen”.

Alkate eta 2019ko udal hauteskundeetarako alkategai Amaia del Campok hitz egiten hasi orduko bere esker ona adierazi die 120 urte hauetan Barakaldon EAJ-PNVren bizitza markatu duten pertsonei “bereziki gure historiaren unerik gogorrenetan”. “Gure herria, gure lurra, gure kultura eta gure jendea maitatzen irakatsi izana eskertu nahi dizuet”, esan du. Amaia del Campok era berean adierazi du pertsona horien guztien irakasbideari esker “sinesten duguna defendatzen ikasi dugu, beti besteei entzunez; bat egin eta aurrera egin nahi duenari eskua luzatuz. Lana, ahalegina, zintzotasuna, egia, elkartasuna. Hori da gure ibilbidea, EAJ-PNVren nortasun ikurra, Barakaldon ere bai”.

Alkateak agintaldiko hiru urte hauen balantzea egin du eta hainbat jarduera aipatu ditu, besteak beste langabezia tasaren beherakada, behar egoeran dauden pertsonei eman beharreko babesaren alde egiten den apustua edo hainbat arlotan jarri diren parte-hartze mekanismoak, kudeaketa lan eraginkor eta gardena eginez. “Barakaldo aurrera egiten eta abiadura hartzen ari da”, esan du. “Baina ez ezazue pentsatu orain aldia kudeatzera mugatzen garenik”, esan du. “Urte bete daramagu barakaldarren iritzia, proposamenak eta iradokizunak jasotzen, `Gora Barakaldo´ karpa auzo guztietara eramanez edo erreferentziazko pertsona eta kolektiboekin elkarrizketa pertsonalizatuak izanez 2019ko hauteskundeetan aurkeztuko duen programa berria osatzera begira”. “Barakaldo ez da geldituko EAJ-PNV ere gelditzen ez delako. Datorren urtean programarik onena aurkeztuko dugu, gure herrikideen kezkak eta beharrak jasoko dituena, berriz ere Alkatetzara eramango gaituena 2015ean hasi zen aldaketa hura errealitate egiten jarraitzeko”, amaitu du.

  Berri ikusiagoak...