Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2018/11/08

EAJ-PNVk Unai Rementeria, Ana Otadui eta Juan Mari Aburto aukeratu ditu ahaldun nagusirako, Batzar Nagusietako presidenterako eta Bilboko Alkaterako hautagai, hurrenez hurren

Jeltzaleen Bizkaiko Herrialde Batzarrak Rementeria eta Otadui berraukeratu ditu, hurrenez hurren, Busturia-Uribe eta Durango-Arratia barrutietako zerrendaburu, eta Ibone Bengoetxea eta Imanol Pradales, hurrenez hurren, Bilbo eta Enkarterrietako zerrendaburu. Bilboko uri erakundeek, beren aldetik, Aburto berraukeratu dute Bilboko Alkatetzarako.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Unai Rementeria, Ana Otadui eta Juan Mari Aburto aukeratu ditu ahaldun nagusirako, Batzar Nagusietako presidenterako eta Bilboko Alkaterako hautagai, hurrenez hurren

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Bizkaiko Herrialde Batzarra, gaur arratsaldean Sabin Etxean Ezohiko Batzarrean bilduta, 2019ko maiatzaren 26an egingo diren hauteskundeetan Batzar Nagusietarako aurkeztuko dituzten hautagaiak aukeratu ditu. Horrela, Bizkaiko jeltzaleen organo gorenak beste behin ere berretsi ditu Unai Rementeria Maizen eta Ana Otadui Biteriren hautagaitzak Bizkaiko ahaldun nagusirako eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako presidenterako, hurrenez hurren. Gaur egin den bilkura berean amaitu den barne hauteskunde prozesuan, Juan Mari Aburto Rique aukeratu dute Bilbo hiribilduko alkategai.

Bizkaiko Herrialde Batzarrak, Bizkaiko uri erakunde guztietako ordezkariek osatuak, oniritzia eman die herrialdeko lau hauteskunde barrutietarako proposatu diren zerrendei, bere barneko araudian ezarrita dagoen legez, Bizkai Buru Batzarrak barne hauteskunde prozesuan proposatu zituenei.

Bizkaiko herrialdea zatitzen duten lau hauteskunde barrutietatik, Rementeria Busturia-Uribeko zerrendaburua izango da eta Otadui Durango-Arratia barrutikoa. Beste bietakoak izango dira, berriz ere, Ibone Bengoetxea Otaolea (Bilbao) eta Imanol Pradales Gil (Enkarterri). Aldarrikapen honekin amaiera eman zaio Bizkai Buru Batzarrak irailaren 24an herrialdeko herri kargudunetarako hautagaiak izendatzeko xedez abian jarri zuen barne hauteskunde prozesua.

Herrialde Batzarrak hautagaiak izendatu eta aldarrikatzearekin, amaitu egin da Bizkai Buru Batzarrak joan den irailean bere proposamenak aurkeztean abiarazi zuen barne hauteskunde prozesua. EAJ-PNVren barne hauteskunde prozesuetan ohikoa denez, herrialdeko Uri Erakundeek bi hautespen aldi egin behar izan dituzte. Horietako lehenean uri erakunde bakoitzari dagokion barrutiko hautagaiak proposatu ziren eta nahi adina proposatu ahal ziren Bizkai Buru Batzarrak hasiera batean aurkeztu zituenez gain. Bigarren hautespen aldian, EAJ-PNVren Aberri Berme eta Zaingo Batzordeak bidalitako zerrendetatik, Uri Erakunde bakoitzak ahaldun nagusirako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenterako hautagaiak eta uri erakunde bakoitzari dagokion hauteskunde barrutiko zerrenda osatuko duten pertsonak aukeratu zituzten. Halaber, Uri Batzar bakoitzak bere ahaldunei aginduzko manamendua eman zieten gaur arratsaldeko Herrialde Batzarrean onetsi diren hautagaitzak ezohiko bilkuran berresteko.

BILBOKO ALKATETZA

EAJ-PNVren Bilboko hamahiru uri erakundeek, beren aldetik, Juan Mari Aburto Rique alkatearen hautagaitza berretsi dute, maiatzeko hauteskundeetan Bilboko Alkatetzarako hautagaia izan dadin.

Bilbon, udal herri kargudunetarako hautagaiak aukeratzeko proposamena Bizkai Buru Batzarraren eta Buru Batzarren Artekoaren artean egin ohi da. Zerrenda hori osatzen denean, hiribilduko 13 Uri Erakundeetara bidaltzen da dagokion barne hauteskunde prozesuari hasiera emanez. Ohikoa denez, barne prozesu honetan bi hautespen aldi egin dira eta amaitutzat eman da Aburto alkategai izendatzean.

  Berri ikusiagoak...