Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2019/02/28

Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak akordioa hitzartu dute, Txabarri-El Sol aldeko hiri-birgaitzea amaitzeko

Erakundeek 16 infraetxe-eraikin eraisteko konpromisoa hartu dute, eta 134 etxebizitza eraiki eta beste 30 etxebizitza eraberritzeko. Karrantza kaleko espazio publikoak ere eraberrituko dituzte, Vicente Díez Parkea eta 57. eta 61. zenbakien arteko Txabarri kalearen atzealdea. Lehen etapan 15 milioi euroko inbertsioa dago aurreikusita

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eta Josu Bergara Sestaoko alkateak gaur goizean sinatu dute konpromiso-akordio berria, Txabarri-El Sol Auzuneko B.I.E.-ren Birgaitze Integratuko Plan Berezia garatzeko.             

Erabaki hau bi hitzarmenen bidez garatu eta zehaztuko da. Horretan ezartzen denez, hurrengo urteetan burutuko dituzte Eusko Jaurlaritzak, Udalak eta Sestao Berri Sozietate Publikoak, erakunde bien lanerako tresna legez, auzunearen hirigintza birgaitzea amaitzeko.

2005ean sinatu zuten bi administrazioek udalerriko birgaitze urbanistiko eta sozialerako lankidetza-hitzarmena,  eta 14 urte geroago eguneratu egingo da dokumentu hori, joan den 2018ko abenduan Txabarri-El Sol Auzuneko B.I.E.-ren Birgaitze Integratuko Plan Bereziaren (BIPB) 4. aldaketa onartu ondoren.

Erronka berriak beheko aldean

Orokorrean esanda, burutuko diren lanak honako hauek izango dira: 16 infraetxe-eraikin eraitsiko dira, 134 etxebizitza eraiki eta beste 30 etxebizitza eraberritu, eta horrez gain herritarren bizi-kalitatea hobetzeko espazio publikoak eraldatu. Proiektu hauek gauzatzea erakunde bien finantza-gaitasunera egokitu ahal izateko, bi fasetan egingo dira lanak.

Lehen fasearen helburua da Txabarri kalera ematen duten eraikinen aurreko fatxadak eraberritzea. Lan hori egiteko 15 milioi euroko inbertsioa  behar izango da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 12 milioi euro jarriko ditu, eta Udalak 3 milioiko ekarpena egingo du.

Fase honetan, zazpi eraikin eraitsiko dira, 74 etxebizitza berri eraikiko dira (horietako 20 ordezko etxebizitzera bideratuko dira) eta beste 14 etxebizitza eraberrituko dira (horietako 10 ordezko etxebizitza izango dira). Administrazio publikoen esku-hartzea Txabarri kaleko honako zenbaki hauetan burutuko da: 37, 39, 43, 47, 49, 59 eta 69.

Lehenengo fasean espazio publikoak berriz urbanizatzeko hiru proiektu ere sartuko dira: Karrantza kalea eraberritzea, Vicente Diez Parkearen eraberritze lanak eta 57. eta 61. zenbakien arteko Txabarri kalearen atzealdea urbanizatzea.      

Bigarren fasean, lanak Los Baños kalean eta Okillo Auzunean burutuko dira. Hor bederatzi eraikin eraitsiko dira, 60 etxebizitza berri eraikiko dira eta beste 16 birgaitu egingo dira.

Eskumenen banaketa

Sestao Berrik etxebizitza eta lurzoruen erosketa kudeatuko du, baita horien legezko hartzaileek izan ditzaketen birralojatzeak ere. Era berean, eraisteko proiektu orokorrak idatziko ditu, eraiste-lanak gauzatuko ditu eta aipatzen diren eremuak urbanizatzeko proiektuak idatziko ditu.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eraikuntza- eta birgaitze-proiektuak idatzi, eta obrak gauzatuko ditu. Horrez gain, zati batean ordainduko ditu (% 70) adierazitako hiru eremuen urbanizatze-lanak. Udalak, bestalde, zati batean ordainduko ditu (% 30) urbanizatze-lan horiek.

Etxebizitza berrietarako sarbidea izateari dagokionez, akordio bat ezarri da Sestaon erroldatuta dauden 35 urtetik beherako gazteei lehentasuna emateko. Helburua da Txabarrin bizi diren biztanleen gaztetze-prozesuan lanean jarraitzea.

Konpromiso instituzionala Txabarrirekin

Sestaoko alkateak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, babes handia eman baitiote udalerria modernizatzeko lanean jarraitzeko. Josu Bergarak adierazi du “egun historikoa” dela udalerriarentzat; izan ere, “gaur laguntza handia eman zaio Txabarriko hirigintza-birgaitzearen prozesuari, eta batez ere ibilbide-orri argia zehaztu dugu Sestaoko beheko alde osoa urte gutxiren buruan eraberritu dadin".

Bestalde, Arriola sailburuak esan du berak zuzentzen duen Saila "konprometituta dagoela Sestaoko hiri-suspertzearekin, Euskadin identifikatutako auzo ahulak birsortzeko egin duen apustu orokorraren barruan, euskal herritarren % 31 bizi baita horietan". “Estrategia horretarako” gaineratu du: “beharrezkoa da denboran iraungo duen esku-hartzea egitea, eta hori egiteko modu onena da erakundeen artean lankidetza estua egotea eta Europako programen laguntza izatea, Txabarri-El Sol Auzunean egin den bezala”.

Akordioan hartutako konpromiso berriez gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila gaur egun hainbat proiektu idazten da: Orixe kaleko 6. zenbakian hamalau etxebizitza eraikitzeko, Txabarri kaleko 67. zenbakian hamar etxebizitza eraikitzeko eta bi kaleak lotzen dituen hegala urbanizatzeko.

Konpromiso horiek guztiak ARI Txabarri-El Sol-en orain arte egindako lan eta esfortzu handiaren emaitzak izango dira. Eremu horretan, 4 eraikin eraberritu dira (74 etxebizitza), 7 eraikin berreraiki dira, 120 etxebizitza berri eraiki dira, 80 birralojatze gauzatu dira, eta hori guztia 25 milioi euro baino gehiagorekin.

  Berri ikusiagoak...