Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2019/03/21

Txabarri SestaOn Bizik 36 ekintza proposatu ditu kohesio soziala eta elkarbizitza hobetzeko

Ekintza Plana pixkanaka gauzatuko da, lau urteko epean, eta talde politiko guztiek onartu dute

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sestaoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Txabarri SestaOn Bizi programaren Ekintza Plana onartu du. Lan-tresna berri horren helburu nagusia da Txabarri inguruan garapen komunitarioa, kohesio soziala eta elkarbizitza bultzatzea.

Hirigintza-esparruan aurrerapauso handiak lortu ondoren, Udalak eraberritze-prozesu honi bultzada eman nahi dio pertsonei ere bideratutako lanaren bidez. Txabarri SestaOn Bizi auzoa egituratzeko sortu da, bertan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz.

Ekimen hau tokiko administrazioak berak sustatu badu ere, programa osatzeko kontuan izan da auzotarren (416 elkarrizketa egin dira), elkarteen, merkatarien, ostalarien, ikastetxeen, udal langileen eta alderdi politikoen parte-hartzea.

Udalak Txabarri SestaOn Bizi diseinatzen laguntzeko kontratatu duen enpresak joan den urtean ekin zion lanari auzoan diagnostiko bat eginez. Informazioa aipatutako agenteekin banan-banan eginiko elkarrizketen bidez eta taldeko foroen bidez bildu da. Lortutako datuek Ekintza Plana ekarri dute; hau da, auzoaren egoera hobetzeko balioko duen ibilbide-orria.

Ekintza Planak lau jarduera-ardatz ditu: Herritarrak, Elkarbizitza eta Kohesio Soziala, Azpiegiturak eta Ekonomia Sustapena. Guztira, 36 neurri proposatzen ditu 2019-2022 aldian gauzatzeko. Udalaren aurtengo aurrekontuak 20.000 euro jasotzen ditu lehen ekintzak finantzatzeko, eta, beharrezkoa izanez gero, diruzaintzako soberakina areagotuko da.

1. ARDATZA – HERRITARRAK

  • Azpiardatz Nagusia

Atal honen barruan, bitartekaritza zerbitzua sortzeko eta gatazkak kudeatzeko talde bat martxan jartzeko lan egingo da. Azken hori alarma soziala sortzen duten gatazka-egoerei aurre egiteaz arduratuko da. Horrekin batera, lantalde bat osatuko da esparru politikoan, inguru horretan elkarlanean aritzeko. Hala, auzoan erakundearen presentzia areagotuko da, koordinazio hobea egon dadin esparru politiko eta teknikoaren artean, eta elkarteen artean. Azkenik, etxebizitzak esleitzeko gauzatuko den politikan, lehentasuna izango dute auzoan errotu nahi dutenek eta profil ez gatazkatsuak dituztenek.

  • Segurtasun arloko azpiardatza

Kasu honetan, proiektu hauek proposatzen dira: Udaltzaingoko komisaldegi bat irekitzea Hiru Kontzejuen Plazan, Elikagai Bankua lekuz aldatzea eta Udaltzaingo hurbila garatzea, bitartekaritza komunitarioaren zerbitzuarekin koordinatuta egongo dena.

  • Gazteen azpiardatza

Ekintza Planaren barruan, gazteei begira proposatzen da haien prestakuntza hobetzea, sarbidea izan dezaten azaleratzen ari diren lanetara. Beste neurri bat izango da isunak komunitatearen aldeko lanengatik trukatzeko programa bat ezartzea gizalegearen kontrako ekintzak gauzatzen direnean.

Azkenik, aipatu da beharrezkoa dela ekintza kulturalak eta Gaztelekuko ekintzak antolatzea Txabarrin.

  • Adingabeen azpiardatza

Adingabeekin bi ekintza gauzatuko dira. Lehenengoa kalean hezitzaile-taldeak jartzean datza, espazio komunak dinamizatu eta jokabide desegokiak dituzten adingabeak artatzeko asmoz. Bigarrena kolektibo honi zuzendutako arreta goiztiarraren protokoloak garatzean datza.

  • Aisialdi eta kulturaren azpiardatza

Atal honen barruan, egoki ikusten da herritar guztientzako kultura- eta aisialdi-eskaintza sortzea, bereziki gazte eta adinekoei begira, haien auzoaz goza dezaten eta, era berean, beste auzo batzuetako herritarrak Txabarrira erakartzeko. Bigarren ekintza gisa, aisialdirako programak sortuko dira, lehiaketa modukoak. Herritarrek horietan parte hartuko dute; esate baterako, balkoien lehiaketak, Gabonetako apainketa-lehiaketak eta/edo eraberritze-lan onenaren Sestao Berri saria.

2. ARDATZA–ELKARBIZITZA ETA KOHESIO SOZIALA

  • Gizalegearen inguruko azpiardatza

Atal honen barruan, gizalegeari buruzko programa bat jarriko da martxan, herritarren esparru guztietara zabaltzeko, denboran konstantea izango dena eta komunitatearen aldeko lanen programarekin uztartuta egongo dena.

  • Asoziazionismoaren azpiardatza

Kasu honetan, Txabarriko elkarteekin sareko lana egitea proposatzen da, hainbat lantalde sortzeko auzoko pertsonen kohesioa eta arreta-hobekuntza bultzatzeko, eta gainerako eragile instituzionalekin koordinatzeko. Era berean, komunitatean esku hartzen duten elkarteei bultzada emateko asmoz lan egingo da.

  • Auzo-irudiaren azpiardatza

Atal honen barruan, hiru ekintza proposatzen dira: komunikabideekin gosariak antolatzea auzoaren beste irudi bat erakusteko, informazio positiboa berreskuratzea eta etengabe sareetan jasotzea, eta, azkenik, zurrumurruen aurkako programa bat martxan jartzea.

3. ARDATZA- AZPIEGITURAK

  • Etxebizitzaren azpiardatza

Ekintza Planak hiru neurri proposatzen ditu atal horren barruan. Lehenengoa, auzoaren hirigintza-arloko berroneratze-lanekin jarraitzea. Bigarrena, etxebizitzetara sarbidea izateko beste profil batzuk sustatzeko programa bat martxan jartzea. Ideia horrekin lotuta, hirugarren neurria gazteentzako alokairua bultzatzeko programa bat sustatzea izango da.

  • Ekipamenduen azpiardatza

Argiteria publikoa hobetzeko lanei ekingo zaie, parke gehiago eta familia guztiarentzako aisialdi-gune gehiago sortuko dira, eta, azkenik, Hiru Kontzejuen Plaza berrituko da herritarren partaidetzarekin.

  • Irisgarritasunaren azpiardatza

Auzoan igogailu berriak jartzea aurreikusten da, aldapak saihesteko asmoz. Halaber, La Iberiako arrapala mekanikoak hobetzea ere aurreikusi da.

4. ARDATZA – PROIEKZIO EKONOMIKOA

  • Prestakuntza espezializatuaren azpiardatza

Azpiardatz honen barruan, Ekintza Planaren barruan bi neurri sartu dira: gizarteratzea xede duten hezkuntza-programak antolatzea eta profil profesionalak Txabarrira erakarriko dituzten trebakuntzak antolatzea.

  • Merkataritzaren azpiardatza

Kasu honetan, Txabarri eta La Iberia kaleetan osatutako ardatz komertziala sustatzeko lanak egingo dira. Jarduera bat martxan jartzeko moduan dauden erabili gabeko lokalen inbentarioa egingo da. Beste neurri bat izango da lokalak eta pertsianak edertzeko programa bat martxan jartzea. Era berean, merkataritzarako berariazko laguntzen programak eta merkataritza suspertzeko programak aurreikusi dira.

  • Berrikuntzaren azpiardatza

Erakunde publikoetatik, Labe Garaiarekin, Lan Eskolarekin eta Sorospen Etxearekin loturiko programa ekonomiko berritzaileak erakartzeko ahalegina egingo dute. Era berean, hainbat hitzarmen sinatuko dira enplegua sustatzeko eta Txabarrin presentzia izateko.

  Berri ikusiagoak...