Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2020/01/22

Larrialdi klimatikoaren aurrean prozesu parte-hartzaile bat antolatu du Muskizko Udalak

Larrialdi Klimatikoari buruzko Erakunde Adierazpena izenpetu berri du Eusko Jaurlaritzak eta Muskizek ere bere kabuz landu nahi du gaia herritik bertatik. Horretarako, ingurumenarekiko egungo egoera kezkagarriaren eta larrialdi klimatikoaren aurrean, Muskizko Udalak prozesu parte-hartzaile bat ipini du abian, bertako bizilagunekin batera arazo honi aurre egiteko konpromiso eta erronka bateratuak adosteko asmoz.

rss Ezagutzera eman
Larrialdi klimatikoaren aurrean prozesu parte-hartzaile bat antolatu du Muskizko Udalak

ARGAZKIA JAITSI

Ingurumenari lotutako hainbat gai lantzea da tailer hauen helburua, bai eta herritarrek euren egunerokoan ze konpromiso har dezaketen ikusten saiatzea, larrialdi klimatiko honi aurre egin ahal izateko. Hori horrela, tailer hauek hiru ardatz nagusi hauen gainean eraikiko dira: hondakinak, energia eraginkortasuna eta mugikortasun jasangarria. Dagoeneko hiru zutabe horiek lantzen ari da Muskizko Udala, hain justu ere, Udaleko Ingurumen Sailaren bitartez. Hondakinak direla eta, hurrengo hilabeteetan atez ateko kima bilketa zerbitzua ezarriko da, eta dagoeneko konpostagailuen banaketariekin zaio (otsailaren 5era arte eskatu ahal dituzte auzotarrek konposta egiteko gailuak). Ildo beretik, 2030 Agenda Plana (lehengo Agenda 21) ere lantzen ari da Muskizko Udala, zeina oinarrizko dokumentu bat baita, udalerriaren diagnostikoa egiteko eta aurrera atera nahi diren hobekuntza guztiak eta GIHak (garapen iraunkorrerako helburuak) aztertzeko.

KEIEP Klimaren eta Energia Iraunkorraren Aldeko Ekintza Planaere aurrera ateratzen ari da Udala, bai eta herritarrak eta eskola umeak kontzientziatzeko helburua duen 2020. urteko estrategia kanpaina ere bai, zeinaren bitartez plastikoaren erabilera murrizteko eta plastikoa berrerabiltzeko taldeak sortuko baitira. Horretaz gain, mugikortasun iraunkorrari helduta, etorkizunean udalerrian ibilgailu elektrikoentzako kargaguneak ipintzea aztertzen ari da Muskizko Udala.

Prozesu parte-hartzaile honen lehenengo pausoa kafe-tailer bat (PDF 116KB) egitea izango da, eta bertan etorkizunerako balizko lan-ildoak identifikatu ahalko dira. Kafe-tailer hori hurrengo asteazkenean izango da, otsailaren 5ean, Muskizko Gaztegunean, 18:30etik aurrera. Parte hartu nahi duten pertsonek www.muskiz.org Udaleko webgunearen bidez eman ahalko dute izena edo 688 736 136 telefonora deituta. Benetako larrialdi honen aurrean, hobekuntzak eta konpromisoak bilatzeko asmoz, udalerriko herritar guztiak parte hartzera animatzen ditu Muskizko Udalak.

Fuente - iturria: muskiz.org

  Berri ikusiagoak...