Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2020/01/31

Langabezia-tasarik handiena duten lurralde bakoitzeko udalerrietan enplegu berdea sustatzeko proiektua aurkeztu du Lanbidek

Planeta osoko 127 enpresa ikertu dira azken sei ekimen hauetaraino iristeko Artolazabalek nabarmendu du “gorako bidean dagoen eta enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzeko ahalmen handia duen sektore ekonomikoa” dela

rss Ezagutzera eman
Langabezia-tasarik handiena duten lurralde bakoitzeko udalerrietan enplegu berdea sustatzeko proiektua aurkeztu du Lanbidek

ARGAZKIA JAITSI

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ‘Enplegu Berdea Euskadin’ proiektua aurkeztu du gaur Bilbon. Proiektua lurralde bakoitzean langabezia-tasarik handiena duten udalerriei zuzentzen zaie: Sestao (Bizkaia), Urretxu (Gipuzkoa) eta Oion (Araba). Ekonomia berdearen sektoreko erreferente diren eta udalerri horietan erreplika daitezkeen enpresen adibideak bilatzean datza proiektua; hartara, proiektu horien bidez, enplegu-aukerak sortzen lagundu nahi da, batez ere arreta jarrita lan-merkaturatzeko zailtasun handia duten pertsonengan. Nazioartean ideia berritzaileak, baliagarriak eta euskal errealitatera moldagarriak bilatu ostean, sei proiektu aurkeztu dira gaur.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak aurkeztu dute ekimen hori tokiko eragileen aurrean —horien artean zeuden Josu Bergara Sestaoko alkatea, Jon Luqui Urretxuko alkatea eta José Eduardo Terroba Oiongo alkatea—. Guztiek aukera izan dute hautatutako sei proiektuak zuzen-zuzenean ezagutzeko: Kataluniako bi, Social Forest eta Burricleta; Italiako bat, Progetto Quid; Ameriketako Estatu Batuetako bi, Coaldfield Development eta The Plant; eta Indiako bat, Bio-Lution.

Enpresa horietako ordezkariek haien ekimenak aurkeztu dituzte eta topaketak egin dituzte tokiko eragileekin. Topaketaren helburua izan da, hain zuzen ere, sei proiektu horiek Euskadin langabezia-tasarik handiena duten udalerrietan egokitzeko eta ezartzeko aukera dagoen aztertzea.

Artolazabalek nabarmendu duenez, “Lanbidek gaur ekartzen dizkigun proposamen zehatz horiek gorako bidean dagoen eta enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzeko ahalmen handia duen sektore ekonomiko batean biltzen dira”. Izatez, Lanaren Nazioarteko Erakundeak, "Gizarte- eta enplegu-ikuspegiak munduan, 2018: ingurumenaren jasangarritasuna enpleguarekin" izeneko txostenean, aditzera ematen du ekonomia berdeago baterako trantsizioak aukera emango duela, hamarkada honetan, munduan 24 milioi enplegu berri sortzeko, baldin eta politika egokiak sustatzen eta abian jartzen badira.

Euskadin proiektu horien kopia abian jarri ahal izateko, Lanbidek hiru lan-ildo hartu ditu aintzat Oion, Sestao eta Urretxuko langabeekin:

  • Balizko enplegatzaileen premietara egokitutako prestakuntza-ibilbideak sortzea, eskari berri hori erantzun ahal izateko.
  • Enplegua eskatzen duten pertsonen ekintzailetza- eta autoenplegu-gaitasuna hobetzeko modua bilatzea eta gidatzea.
  • Lanbideren sare osoan jada bideratzen den langabeei laguntza pertsonalizatua eskaintzeko dinamikari eustea.

Sei proposamen

Puntu horretara iritsi arte, Lanbidek mundu osoko 127 proiektu ikertu ditu, eta horietako 24 sakonago aztertu ditu Urretxu, Oion eta Sestaoko udalekin batera, azken 14 proiektuetara iritsi aurretik. Udalerri bakoitzeko tokiko eragileez osatutako epaimahai batek aukeratu ditu, azkenean, gaur aurkeztu diren sei proiektuak, Euskadira egokitzeko aukera handiena duten proiektuak diren heinean.

Hauek dira azken sei proiektu horiek:

  1. Social Forest (Katalunia), baso-kudeaketan eta basogintzako lanetan dihardu. Konpainia hori bazterketa-egoeran edo langabezian dauden gazteak prestatzera eta lan-munduratzera zuzentzen da. Baso-zerbitzuak eskaintzen dizkie enpresa pribatuei zein erakunde publikoei.
  2. Burricleta (Katalunia), natura- eta landa-inguruneetan aplika daitekeen kalitateko turismo-jarduera jasangarria ahalbidetzen duen ekoturismoko eredu bat proposatzen du, ingurune horretako turismo-enpresak indartuz.
  3. Progetto Quid (Italia), kolektiborik kaltetuenetako pertsonei laguntzea eta Made in Italy marketako ehun-soberakinak lehengoratzea eta arropa produzitzea uztartzen dituen negozio-eredu bat da.
  4. Bio-lutions (India), behin erabiltzeko ontziak eta enbalaje-produktuak fabrikatzen ditu landare-hondakinetatik abiatuta. Abeletxeetako nekazaritza-hondakinak erosten ditu, produktu biodegradagarriak garatzeko.
  5. The Plant (Ameriketako Estatu Batuak), elikaduraren arloko ekonomia zirkularreko enpresen ekosistemara zuzentzen den eraikin bat da, bertan enpresa berriak hazten dira, I+Gko inbertsioa sortzen da eta horien artean sinergiak sortzea bilatzen da, haien lehiakortasuna areagotzeko.
  6. Coalfield Development (Ameriketako Estatu Batuak), nekazaritzan, eguzki-energian, eraikuntzan eta turismoan oinarritzen den enpresa multzo bat da. Enpresa horien helburua da haien industrietatik berriki kaleratu dituzten langileen enplegagarritasuna hobetzea, betiere enplegua, heziketa eta tutoretza bi urte eta erdiz uztartzen dituen eredu berritzaile baten bidez.

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, enplegu berdeak dira nekazaritzan, manufaktura-industrian, ikerketan eta garapenean (I+G), administrazio-jardueretan eta zerbitzu-sektorean egiten diren eta ingurumen-kalitatea zaintzen edo lehengoratzen nabarmen laguntzen duten lanak. Berariaz, baina ez soilik, barnean hartzen ditu ekosistemak eta biodibertsitatea zaintzen laguntzen duten enpleguak, efizientzia handiko estrategien bidez energiaren, materialen eta uraren kontsumoa murrizten duten enpleguak, ekonomiak karbonoarekiko duen mendekotasuna murrizten duten enpleguak eta orotariko hondakinak eta poluzioak minimizatzen edo saihesten dituzten enpleguak.

fuente- iturria: irekia

  Berri ikusiagoak...