Ezkerraldea - Meatzaldea

Prentsa Aretoa

2021/05/11

Santurtzik 855.000 euroko lizitazioa egin du Iparragirreren lehen zatiko hobekuntza-lanetarako

Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak prentsaurrekoan, gaineratu du "lehen fase honetan, 300 metro linealeko azaleran jardungo dugu, Iparragirreren 2. zenbakian hasten den zatian”; obrak aurten hasiko dira, proiektua behin betiko esleitu ondoren, eta 2022an bukatuko dira.

rss Ezagutzera eman
Santurtzik 855.000 euroko lizitazioa egin du Iparragirreren lehen zatiko hobekuntza-lanetarako

ARGAZKIA JAITSI

Santurtziko Udalak lizitaziora atera ditu Iparragirre kalean laster abian jarriko diren hobekuntza-obrak, kale hori hasi eta Itsasalde kalearekin bat egiten duen tartean. "Lan horiek konplexuak eta garestiak direnez, Iparragirre kale osoa hobetzeko proiektua zatika egingo da, eta orain lehenengo zatiari ekingo diogu", adierazi du Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak prentsaurrekoan, eta gaineratu du "lehen fase honetan, 300 metro linealeko azaleran jardungo dugu, Iparragirreren 2. zenbakian hasten den zatian”; obrak aurten hasiko dira, proiektua behin betiko esleitu ondoren, eta 2022an bukatuko dira.

Egingo diren lanen artean, honako hauek daude: galtzada eta espaloiak erabat aldatzea; saneamendu-, hornidura- eta argiteria-sarea berritzea; oinezkoentzako hobekuntzak irisgarritasun eta segurtasun arloetan; hiri-altzari berriak jartzea, besteak beste, loreontziak eta paperontziak. Azken batean, "Kaleko zerbitzu guztiei eragingo dien obra da, 4.028 metro koadroko azalera duen jarduketa-eremu baten gainean". Gainera, oinezkoen erabilera sustatu nahi dugunez, oztopo arkitektonikoak kenduko ditugu plataforma bakar bat jarriko baitugu, eta herritarrentzat egoteko gune berriak jarriko ditugu, hiri-altzariak dituztenak, eta lorategi eta zuhaitzak jarriko ditugu. Era berean, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak egongo dira.

“Etorkizunean nahi dugun Santurtzi gogoan dugula egin dugun eraberritze-lana izango da, eraginkortasun- eta jasangarritasun-irizpideei jarraituz, eta eremuaren oinezkoentzako izaera lehenetsiz, pertsonentzat espazio handiagoa ezarriz, hiri-espazioa modu atseginagoan eta eraginkorragoan antolatuz, berdeguneak eta zuhaitzak gaineratuz, eremu gogor gutxiago jarriz, eta espazio publikoak irisgarritasun-irizpideekin egokituz, oinezkoentzako ibilbide zabalagoak proiektatuz, eta plataforma bakar bat ezarriz, zintarriak eta mailak kenduta”. Alkateak esan du jarduera udalerriko urbanizazio-estandarrak kontuan hartuta egingo dela, eta pertsonak jarduera bakoitzaren erdigunean jarrita.

“Inguru horretako auzokideekin hartu genuen konpromisoa izan zen eta egingo dugun inbertsioa lehentasunezkoa da gure herrian egin behar diren lanen barruan, erreforma integral bati aurre eginez”. Lan horietarako, Udalak aurrekontuetatik datorren 855.000 euroko kontu-saila du.

  Berri ikusiagoak...