Prentsa Aretoa
2021/06/03
Santurtzik turismo-jardueren eskaintza zabaldu, eta bisita gidatuak eskaintzen ditu Serantes mendiko dorrera
Joseba Ramos Turismoko zinegotziak adierazi bezala “Hemendik aurrera dorrea ikusteko ordutegi zabalagoa eskainiko dugu, jende gehiagok izan dezan instalazioa ikusteko aukera. Gure ondarea ezagun egin behar dugu, eta honakoa santurtziarrek eta gurera datozen bisitariek ondare hori hobeto ezagutzeko modu bat da”.
Serantes mendiko gotorlekuak eta dorreak osatzen duten taldea zaharberritu ostean, Santurtziko Udalak baliabide horiei eta mendiaren aberastasun naturalei merezi duten garrantzia eman nahian, bisita gidatuak antolatu ditu eraikinak eurak eta gunearen biodibertsitatea ezagutarazteko. Orain arte 5.000 bat lagunek hartu dute parte jarduerotan.
Herritarrek baliabide horren inguruan erakutsi duten interesak, batez ere Bizkaiko mendizaleenak, bisitak asteburu guztietan eskaintzera animatu du udala.
Horrela, asteburu honetatik aurrera dorrea zabalik egongo da publikoarentzat larunbat eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Irailaren amaiera arte eutsiko zaio ordutegi horri.
Bestalde gainerako ohiko bisitek bere horretan jarraituko dute astebururo, honakoak hain zuzen:
Biodibertsitatea putzuetan, hegaztiak eta tximeletak: Larunbatero 10:00, 12:00 eta 14:00etan.
Gotorlekuak, igande eta jai egunetan 11:00etan
Beste jarduera batzuk
Bisita horiek ez ezik, honako hauek ere programatu dira datozen hilotarako.
Belaontziz nabigatzea
Turismo arloan eskaintzen diren ohiko jardueretako bat da, esperientzia gogoangarria bera. Ez da gutxiengo parte-hartzaile kopururik behar, eta oso aforo mugatua du segurtasun-neurri guztiak bermatze aldera. Aurten bi txango-mota eskainiko dira:
- Abra eta inguruko itsaslabarrak. 3 orduko txangoa. Itsasadarraren bokaletik badiaren irteera aldean dauden itsas-labarretaraino joango da.
Txango hauek ekainaren 5ean, uztailaren 3an, abuztuaren 7an eta irailaren 4an egingo dira, 10:302etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era. Prezioa: 30 euro lagun bakoitzeko.
- Itsasaldia belaontziz kostaldean zehar. Egun osoko txangoa da eta itsasoaren egoeraren arabera, Kastrorantz edo Astondoko badiarantz (Gorliz-Plentzia) abiatuko da.
Itsasaldi luzeago hauek ekainaren 13an, uztailaren 11n, abuztuaren 22an eta irailaren 12an egingo dira.
Prezioa: 95 euro lagun bakoitzeko. Horiez gain, beste txango batzuk ere hitzartu daitezke beste data batzuetan. Gure itsas-historia: Santurtzi Itsasoa Museoa eta Agurtza atunontzia
Ekainean ere Agurtza atunontzia bisitatzeko aukera egongo da astebururo 11:00etan eta 12:30ean. Uztailetik aurrera egunero eskainiko dira bisitak.
Arrain-enkante antzeztuak
Uztailetik aurrera arrain-enkante antzeztuak eskainiko dira larunbatero 12:00etan ikuskizun formatuan.
Izena emateko jo ezazue turismo@santurtzi.eus webgunera edo deitu 94 483 94 94 telefono-zenbakira.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
BERRIA
2022/11/23