Prentsa Aretoa
2015/05/22
Imanol Pradales da Enkarterri eskualdetik, EAJ-PNV-k Bizkaiko Batzar Nagusietarako proposatzen duen zerrenda-burua
Santurtziko hautagai eta gaur egungo Sustapen Ekonomikoko foru diputatuak lan ibilbide luzea egin du unibertsitate alorrean eta enpresa ezagutzaren munduan. Soterako arraunlari izan zen 17 urtetan, irakurzale amorratua da eta Foru Erakundea goitik behera ezagutzen du. Bera da talde jeltzaleak Bizkaiko parlamentuan Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterria eskualdeak lideratzeko proposatzen duen hautagaia.
Imanol Pradales, Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko Saileko foru diputatua, da EAJ-PNV-k Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeei begira, Enkarterriak barrutirako proposatzen duen hautagaia (barruti honetan sartzen dira Enkarterriak, Ezkerraldea eta Meatzaldea).
Sustapen Ekonomiko Saileko foru diputatuaren ibilbide profesional luzea izan da talde jeltzaleak bere aukeraketa egiterako orduan kontuan izan duena. Deustuko Unibertsitatean (UD) Zientzia Politikotan eta Soziologian lizentziatu ondoren, Pradalesek urte batzuk eman zituen irakasle eta UD-ko ikerle gisa, lan hori Deustulan-en zuzendaritza lanarekin uztartuz (sail hau UD-ren barruan arduratzen da, ikasketak amaitu dituzten ikasleei lan munduan sartzen laguntzeko lanaz). 2006 urtean politikarako jauzia eman zuen: “Aitortu egin behar dut ez nuela lehen momentuan baiezkoa esan. Politika etxean bizi izan nuen, baina inoiz ez nuen planteatu bizitza publikoan egoteko urratsa ematea. Ondo nengoen Unibertsitatean, nire lana gustuko nuen. Pertsona bat egon zen azken momentuan konbentzitu ninduena, eta hemen nago orain”. Konpromiso hark eraman zuen urte hartan Bizkaiko Foru Aldundiko aholkulari bihurtzera eta, 2007 urtean, gaur egun Bizkaia Talent deritzonaren zuzendari gerente egin zen. 2011 urtean “Jose Luis Bilbaok galdetu zidan ea Sustapen Ekonomikoko diputatu izan nahi nuen eta, lehen momentuko sustoa igarota eta etxean hitz egin ondoren, baiezkoa eman nion”.
Itsasadarra, entrenatzeko esparrua
Pradales Santurtzin jaio zen 1975 urtean, eta santurtziar jotzen du bere burua. duela 10 urte Portugaletera joan arte, Mamariga auzoan bizi zen gurasoekin eta hiru anaia gazteekin. “Serantes mendia eta Mamariga auzoa ziren gure jolastokiak; ez zegoen arriskurik eta mila gauza bururatzen zitzaizkigun bertan egiteko”.
Imanol Pradalesek ondo gogoratzen du bere eskualdea nola zegoen “duela 20 urte, edo agian gutxiago”. Sorterako arraunlari izan zen 17 urtetan (15 urterekin hasi zen) “eta, badakizu zer zen irakasten zizuten lehena? Trainerua gasolinarekin eta xaboiarekin ondo garbitu beharra zegoela, itsatsita geratzen zitzaion galipota kentzeko. Hori pentsaezina da orain, itsasadarra garbi baino garbiago baitago. Neska mutilak portuan bainatzen dira udan, txipiroiak harrapatzen aritzen diren arrantzaleak ere badaude… Bizkaiko Labe Garaiak ere gogoratzen ditu “azken dorrea eraitsi zutenekoa ere bai”; trena Bilbora hurreratzeko modu bakarra zela; portua toki zikina zela eta kiratsa zeriola…. “hori dena nik neuk bizi izan dut, ez dit inork kontatu behar izan”. Santurtziarrak azaldu duenez “eskualde honetan eragin den aldaketa ikaragarria izan da” (garraio publikoa, irudia, saneamendua…) eta azpimarratu nahi izan du hori dena “sarri askotan, ikusten ez diren inbertsioekin” egin dela. “Ez dira ikusten, baina oso garrantzitsuak dira: itsasadarraren saneamendua, hondakin uren kudeaketa, isurketa kutsakorren kontrolak…”, azaldu du.
Hautagaiak esan du egia dela eskualde horietan guztietan industria asko desagertu dela, baina azken urteetan “beste lantegi batzuk sortzen ikusi ditugu; esate baterako Bizkaiko Altzairugintza Konpaktua (ACB); beste gune batzuk birmoldatu egiten dira industrialdeak eta enpresa parkeak egiteko, Sestao Bai da horietako bat” eta eskualdeari geratzen zaiona bere gihar industriala berreskuratzea izango dela. “Argi dago ez dela duela 40 urteko industria izango, baina eskualde honetan gaitasuna badago eta beste era batetako industriarekin saiatu beharra dago; beste enpresa teknologikoago eta berritzaileagoetarako aukerak daude, horren kutsakorrak ez diren enpresentzat. Ez diogu uko egin behar sare industriala berregiteari, ez dugu amore eman behar”. Zentzu berean, Pradalesek zera baieztatu du “krisiak oso gogor kolpatu gaitu,baina ahal dugun guztia egin behar dugu ekonomia suspertzen segitzeko eta azken urteotan galdu diren enplegu guztiak berreskuratu ahal izateko. Eta, oso jende prestatua dugu horretarako; oso giza kapital ona daukagu horretarako”.
Imanol Pradalesek gustuko du denbora librea “familiarekin eta koadrilarekin” gozatzea. Zaletasunen artean azpimarratu ditu “irakurketa, musika eta kirola, eta azken hauen artean batez ere arraunketa, futbola eta pelota”. “Asko irakurtzen dut, asko. Etxea liburuz beteta daukat, ‘kolonizatuta’ daukadala esango nuke” esan du irribarretsu. Misteriozko eleberriak, historikoak eta “edozein gairi buruzko” saiakerak. “Eskuetara heltzen zaizkidan liburutzar guztiak irakurtzen ditut. Hori bai,paperean, maite dut paperaren usaina eta azpimarratzen duten horietakoa naiz”. Liburu artean, musika du gogoko, musika du bidelagun. Benito, Fito, Bruce, Lete, Hertzainak, Dire Straits… eta beste batzuk daude bere bilduman “dena gustatzen zait eta, gainera, lasaitzen laguntzen dit. Euskal musikariak gogoko ditut, baina anglosaxoiak ere bai (Rolling eta The Beatles-en artean, aukeran, nahiago ditu Rolling Stones), baina ez diot ezeri muzin egiten”.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
BERRIA
2022/11/23